Usurbilgo kaleetan ditugun altxorrak ezagutzeko aukera paregabea izaten segiko dugu abuztuan ere. Oporrik ez du izango "Usurbil Museo Irekia" ekimenak. Larunbat, igande nahiz hilaren 15eko jai egunean bisita gidatuak iragarri dituzte 650 Usurbil Bizi egitasmoko sustatzaileek. Larunbat eta igande eguerdiro izango dira hitzorduok, 12:00-13:00 artean. Sutegitik abiatuta, ordubeteko osteratxoa egin ahalko da herrian barrena ditugun artista ezagun eta estimatuen sorkuntza lanak ezagutzeko.
Tartean, ordea, bira berezirik ere izango da; hilaren 19an, Usurbilgo bisita gidatua Txikierdiko Zumetaren estudioan amaituko da. Usoa Zumetaren eskutik, uztailean egin zuten moduan, egoitza hau barrutik ezagutu eta bai Usoaren zein bere aitaren tailerrak, sorkuntza lanak eta sortze prozesuaren nondik norakoen berri jasotzeko aukera aparta izango da.
Lau egun lehenago, abuztuaren 15ean, eguerdian izan beharrean arratsaldera atzeratu dute "Usurbil Museo Irekia" ekimena (17:00-18:00 artean egingo da), segidan, 20:00etan Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua ospatuko baita Salbatore elizan, Monica Melcova organo jolearekin, Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariekin. Emanaldi honen atariko bisita gidatua izango da egingo dena.
Gogoan izan, talde txikietan, gehienez 14 laguneko multzoetan egiten dira bisita gidatuok. Hitzordu hauetarako guztietarako izena aurrez bideratu beharko da, 650usurbilbizi.eus atarian. Adi, antolatzaileek ohartarazi dutenez, Zumetaren estudioa ezagutzea ahalbidetuko duen bisitarako taldea osatu da, ez dago lagun gehiagorentzako lekurik.