Uztaila agurtzearekin bat itxi du Ziortza gazte elkarteak 2024. urtera arte, parte hartze markak hautsi dituen udako kanpaldia. Uztailaren 5etik 28ra DBHko gazteak hiru txandatan hartu ostean, trasteak biltzeko unea heldu da Peñaloscintosen (Errioxa).
Gogoan izan, ekainaren 24an auzolanean egokitu zuten kanpaldiko azpiegitura. Modu berean jaso nahi dute orain.Aipatu gazte elkartetik ohartarazi dutenez, kanpaldiaren desmuntaketa lanetarako laguntza beharko dute. "Abuztuaren 5ean (larunbata) izango da. Parte hartzeko prest bazaude bidali mezu bat ziortzakanpaldia@gmail.com helbidera zure izen-abizenak, telefono zenbakia eta kotxea ekarri dezakezuen ala ez adierazten. Gurasoekin batera gazteok ere etor daitezke!", jakinarazi dute.
Bittori zendu da
Aurtengo kanpaldiaren amaiera gazi-gozoa izan da. Ibilbide luzeko ekimen honetan Peñaloscintoseko bizilagunekin harreman estua izan dute ekimen honen antolatzaile eta parte hartzaileek. Usurbildar belaunaldi bat baino gehiago ezagutzen zituen haietako bat zendu dela berri eman du Ziortzak sare sozialen bidez; Bittori.
Peñaloscintoseko Bittori joan zaigu. Hainbeste urtetan besoak zabalik hartu gaituen emakumea, Kanpaldia guk bezainbat maite izan duena!
— Ziortza Gazte Elkartea (@ziortzage) July 27, 2023
Bere ate irekia, erroskilak eta umorea betirako geratuko zaizkigu. Mila esker guztiagatik Bittori, gogoan izango zaitugu beti! ❤️ pic.twitter.com/teRY8jhrqL