Badator udaberrian Usurbilen iragarri zuten Baterajotzea. Urriaren 13tik 15era Euskal Herriko neska* gazteen topaleku feminista izango da udalerri hau, mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen zaintza greba orokorraren aurretik.
Ekimena udaberrian aurkeztu zuten Mikel Laboa plazan, uztailean herri mailako aurkezpena ere egin zuten. Parte hartzeko izen-ematea zabalik dago ehkoneskagazteak.eus atarian. "Baterajotzea Euskal Herriko neska* gazteon elkargune eta eztabaidarako espazioa da, elkarrekin Euskal Herria feminista irudikatzeko eta eraikitzeko tokia, saretu eta antolatzeko aukerak eskaintzen dituena. Aurten, "utopiak lehertzeraino" lemapean, Usurbilen elkartuko gara urriaren 13tik 15era bitarte".
"Iritzi sortzaile izan gaitezen"
Beharrezkotzat jotzen dute antolatzaileek, "antolaketa propio bat, neska* gazte gisa zeharkatzen gaituzten zapalkuntza espezifikoak problematizatu eta proposamen propioek ere tokia izan dezaten, gure mundu ikuskera zabaldu dezagun eta iritzi sortzaile izan gaitezen".
Parte hartzeko gonbita egina dute. "Greba orokor feministaren aurretik Euskal Herriko gazte feminista guztiok elkartuko garen espazioa izango delako, greba bera indartu eta antolatzeko. Eskuartean ditugun eztabaidetan sakonduko dugulako, sistema iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatuz. Utopiak pentsatu eta haustura kolektiboak antolatuko ditugu", iragarri dute.
Prestaketa lanak aspalditik abian dituzte eta urriko Usurbilgo Baterajotzea hurbildu ahala, hainbat xehetasun aurreratzen ari dira. Ekimenari eskaini dioten abestia plazaratu dute egunotan. "Heldu da Bateratzeko kanta!". Albiste honi atxikia duzuen Aka Boni eta Juluren abestiak zer dioen baita doinu eta hitzekin kaleratu duten bideoa ere.
Abestia
Gizarte progresista askoren hitzetan,
librea, morala eta perfektua.
Bizitza osoa lanean
nire ama goraino hilabete amaieran.
Egia esan bidea ez da erraza izan
emakume migrante eta arrazializatua.
Non da aukera berrien Estatua?
Esplotatu zaintza lana aitortzen ez duena.
Sutara zuen zalantza.
Sutara gu kaiolatzen saiatu direnak.
Bidea garaipeneraino
zu ta ni utopiak lehertzera gatoz! (Bis)
Erre dezagun preso hartzen gaituen sistema.
Oihukatu isilarazten gaituztenen aurrean,
borrokatu herria defendatzeko,
iraultza gure arma oraina aldatzeko
Sistema ustel heteropatriarkala
kontrolpean jartzen gaituen eredu irreala.
Neska* gazte atera zara kalera
eta argi izpi berri bat atera da ilunpean.
Tik-tak dabiltza erlojuaren orratza,
iraultzarako bidean ezinbestekoa zara.
Sortu dezagun gure alternatiba propioa,
gatazkaren aurrean ekintza zuzena.
Sutara zuen zalantza.
Sutara gu kaiolatzen saiatu direnak.
Bidea garaipeneraino
zu ta ni utopiak lehertzera gatoz! (Bis)
Iraultza feminista izango da:
beltza, lodi eta bolleroa.
Gune segurua sortzeko bidean
elkar zaindu gaitezen distopia honetan
Kaleak hartzeko unea iritsi da.
Emakumeak* dantzan perreo feminista.
Bidean daudenen lekukoak gara
neska*gazteok gatoz eztanda egitera
Perras, hermanas nos vamos a juntar.
Hona hemen pikete konbatiboa,
machete en boca al fucking machista,
erasoen aurrean autodefentsa feminista.
Sutara zuen zalantza.
Sutara gu kaiolatzen saiatu direnak.
Bidea garaipeneraino
zu ta ni utopiak lehertzera gatoz! (Bis)
Kredituak
Abestia: Aka Boni eta Julu.
Produkzioa: JLM Beats.
Edizioa: EHN*G.