Prezipitazio handiagatik abisu horian igande eguerdira arte

Noaua Aldizkaria 2023ko abuztuaren 26a

Larunbat arratsaldeko 18:00etan hasi eta igande eguerdiko 12:00ak arte metro karratuko 30 litro baino gehiago pila daitezke zenbait lekutan.

Alarma gorria piztu duen aste honetako beroaldiaren ondotik, datozen orduotan euria gogotik egingo duela iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. Hain zuzen, prezipitazio handiagatik abisu horian egongo gara larunbat arratsaldeko 18:00etan hasi eta igande eguerdiko 12:00ak arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila litezke Kantauri isurialdeko zenbait tokitan, bereziki kostaldean", ohartarazi du Euskalmet-ek. Are gehiago, "gaur, larunbata, 18etatik bihar, igandea, 12ak arte Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 30 l/m² baino gehiago pila litezke, bereziki ekialdean".

Giro honekin, larunbat honetan, abuztuaren 26an Usurbilen, "goibel egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu, batez ere amaieran. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da". Bihar, hilaren 27an, "zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak sarri botako ditu. Ekaitzak jo dezake noizbehinka. Ipar-haizea, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Astelehenerako ez da aldaketa handiegirik espero. "Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak sarri botako ditu. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da", Euskalmet-en arabera.

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian.