Irailaren 4an, Donostian

"Etxe bat" emanaldia taularatuko dute Yolanda Arrietak eta Peru Galbetek

Noaua Aldizkaria 2023ko abu. 30a, 14:00

Poesia errezitaldi musikatua eskainiko dute bi herrikideek irailaren 4an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Bi herrikide ikusi eta entzuteko parada ederra izango dugu irailaren 4an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Egunotan ospatuko dituzten Euskal Jaien testuinguruan, "Etxe bat" poesi errezitaldi musikatua eskainiko digute Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak eta Peru Galbetek, hilaren 4an aipatu moduan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Galbetek musika eta Arrietak hitzak jarriko ditu, hain zuzen, argitaratzear duen liburu batekoak. Adi, hitzordurako gonbidapenak irailaren 1ean 11:30etan jarriko dituzte eskuragarri victoriaeugenia.eus atarian eta baita aipatu antzokiko lehiatilan.

Emanaldia bera, Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak antolaturiko "Poesia Orduak" izeneko urteroko zikloaren baitan kokatua dago. Biharamunerako, "Tolesdurak" izeneko emanaldia eskaini behar zuten Goizalde Landabasok eta Xabier Zeberiok baina 2024ko martxoko "Poesialdia" ekimenean plazaratuko dute.

"Zumeta 23"
Donostiako emanaldiaren ondotik, Zubietan izango dugu hurrengo hitzordua Peru Galbeterekin. Aldaketarik ez bada, "Beiratu" bere laugarren diskoa aurkeztuko du irailaren 22an. Bera kide izan duen "Zumeta 23" dokumentala ere aurkeztuko dute hitzordu berean, margolari usurbildarraren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugako ekimenen testuinguruan sortu duten ikus-entzunezkoa.