Udal brigadarako lan poltsa osatzeko hautagaiak azterketako emaitzak jasotzear

Noaua Aldizkaria 2023ko abuztuaren 30a

Usurbilgo Udalak brigadarako osatu nahi duen lan poltsa berriko azterketak egin dituzte hautagaiek. Emaitzak jasotzear dituzte.

Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, astearte honetan egin dituzte azterketak brigadarako osatzen ari diren lan poltsan izena emana zuten hautagaiek. Operario eta operario laguntzaile gisa jardun nahi dutenek "azterketak egin zituzten atzo, Atalluko egoitzan: lorezaintza, igeltseritza eta kale garbiketako proba bana egin zuten", zehaztu dute Udaletik.

Proba hauek eginda, emaitzen zain dira orain hautagaiak. Udaletik iragarri dutenez, "emaitzak ostiral eguerdirako espero dira". Esteka honetan klikatuta jaso ahalko dute emaitza hauen berri: usurbil.eus

Lan-poltsa berria osatzeko
Gogoan izan, Usurbilgo Udalak lan-poltsa deialdi bat iragarri zuen uztailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, "operario eta operario laguntzaile poltsa bat oposizio sistema bidez sortzeko" hain zuzen. Xedea, "oposaketa irekiaren bidez, udal honetako operarioen eta operario laguntzaileen lan-poltsa berria osatzea hutsune ezberdinak bitarteko funtzionarioz hornitzea da. Lan-poltsari lotutako lanpostuei Administrazio Bereziko Eskala, Zerbitzu Berezien Azpieskala, E Sailkapen Taldea dagozkie".

Deialdira aurkeztu nahi zutenek, besteak beste, baldintza hauek bete behar zituzten: 16 urte beteak izatea, eskola ziurtagiria edo baliokidea izatea edota B gidabaimena izatea. Interesdunek uztailaren 17tik abuztuaren 1era arteko epea izan zuten eskabideak aurkezteko.