Euskal Irrati Telebistak jakinarazi berri duenez, irailaren 4tik 10era Gasteizen ospatuko den FesTVal jaialdiko EITB Saria NOAUA! kide duen Tokikomek jasoko du. Hamar urte bete berri dituen euskarazko 76 toki komunikabideek osatutako sarea da Tokikom. Hamarkada honetako ibilbidea nabarmendu nahi du modu horretan EITBk "eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu". NOAUA!ri eta esparru berean lan egiten duten euskarazko gainerako tokiko hedabideei saria ematea erabaki dutenen esanetan, "hamarkada horretan, TOKIKOMek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko".
2009. urtetik telebista munduko "izarrak" batu izan ditu Gasteizko FesTVal jaialdiak. "Gaur egun errealitatea da, ekoizpen-etxe, kate, telebistako profesional eta ikusleentzat hitzordu ukaezina. Guztiek egon nahi dute bertan. Sektorerako erreferente bilakatu da".
Hemen duzue jaialdiko egitaraua: FesTVal 2023
Tokikom
78 toki komunikabideek osatutako sarea da aipatu moduan Tokikom. Toki komunikabideen solaskidetza bateratua sustatzen dihardu beste eragile publiko eta pribatuen aurrean; jarduera esparru komunak kudeatzen ditu (publizitatea, presentzia digitala, kudeaketa, erosketak...). Azkenik, sektorearen garapena eta hedapena errazteko konbergentzia estrategiak diseinatzen aritzen da.
2012an sortu zen Tokikom, "ordura arte Topagunean bildutako toki komunikabideek Hedabide Sailari gorputz juridiko propioa ematea erabaki zutenean, sektorearen behar bereziei modu eraginkorragoan erantzun ahal izateko". Informazio gehiago, tokikom.eus atarian.