Argi eta garbi ikusi ahal izan da bart, iragarria zegoen "superilargi urdina". Laino batzuk tarteko, dizdira handiz agertu da zeruan. Lurretik gertuen egongo den abuztuko tamaina handiko bigarren ilargi betea izango da gaurkoa. Ohi bezala, superilargi urdina ikusteko leku aproposenak argi gutxien dauden zonaldeak izan dira. 2037an izango da hurrengo superilargia.
Ekaitz giroa datorkigu
Zerua oskarbi zela ikusi ahal izan den superilargi urdinetik ilargia ikusi ezingo den ekaitz gauera igaroko gara laster. Aste hasieratik iragartzen ari diren "tanta hotza" delakoaren eragina geurean nabarmentzeko aukera izan dezakegu asteburuan. Euskalmet meteorologia agentziak iragarritakoaren arabera, abisu horian izango gara ostiral gauerditik aurrera prezipitazio handiagatik larunbatean egun osoz. "Ordubetean metro karratuko 15 litro baino gehiago pila daitezke", ohartarazi du. "Zaparrada trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Euria zenbait lekutan iraunkorra izan daiteke eta metro karratuko 20-60 litro inguru pila daitezke".
Ostegun honetan, abuztuaren 31n, Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin egongo da, behe-hodeien tarte hodeitsuekin egunaren lehen zatian. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; arratsaldean ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira".
Ostiralean, irailaren 1ean dator aldaketa. "Zerua partez hodeitua egongo da, behe-hodeien tarteekin. Arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira eta zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geratuko da. Arratsaldetik aurrera zaparrada ertain eta trumoitsuak bota ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; eguerdi partean ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez".
Larunbatean, irailaren 2an, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri ertaina sarri egingo du, zenbait lekutan euria oso ugaria eta iraunkorra izan daiteke. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, eta arratsaldean eki/ipar-ekialdera egingo du. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".
Informazio gehiago, euskalmet.eus atarian.