Ostiralerako espero zituzten arren, ostegun honetan kaleratu ditu Usurbilgo Udalak udal brigadako lan-poltsa osatzeko hautagaiek aste hasieran egindako azterketen emaitzak. Behin-behinekoak dira, eta Udalak ohartarazi duenez, orain irailaren 5eko arratsaldeko 14:00ak arte alegazioak aurkezteko epea zabaldu dute. Operario eta operario laguntzaileen lan poltsa osatzeko azterketen behin-behineko emaitzok usurbil.eus atarian kontsulta daitezke.
Lan-poltsa berria osatzeko
Gogoan izan, Usurbilgo Udalak lan-poltsa deialdi bat iragarri zuen uztailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, "operario eta operario laguntzaile poltsa bat oposizio sistema bidez sortzeko" hain zuzen. Xedea, "oposaketa irekiaren bidez, udal honetako operarioen eta operario laguntzaileen lan-poltsa berria osatzea hutsune ezberdinak bitarteko funtzionarioz hornitzea da. Lan-poltsari lotutako lanpostuei Administrazio Bereziko Eskala, Zerbitzu Berezien Azpieskala, E Sailkapen Taldea dagozkie".
Deialdira aurkeztu nahi zutenek, besteak beste, baldintza hauek bete behar zituzten: 16 urte beteak izatea, eskola ziurtagiria edo baliokidea izatea edota B gidabaimena izatea. Interesdunek uztailaren 17tik abuztuaren 1era arteko epea izan zuten eskabideak aurkezteko.