Gogotik egin dezake euria datozen orduotan. Abisu horian izango gara, ostiral arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte. Baita larunbat goizaldeko 6:00etatik iluntzeko 21:00ak arte. Gaurkoari dagokionez, "ordubetean metro karratuko 15 lietro baino gehiago pilatuko dira Gipuzkoako eta Arabako zenbait tokitan, bereziki ekialdean. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, txingorrarekin (2-3 zentimetro) eta haize-bolada gogorrekin edo oso gogorrekin".
Aipatu moduan, larunbat goizaldeko 6:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte ere abisu horian izango gara. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatuko dira EAEko zenbait tokitan. Zaparrada trumoitsuak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izango dira (ordubetean metro karratuko 15 litro baino gehiago), bereziki 9:00-18:00 artean". Ordu tarte horretan, "zaparraden intentsitatea metro karratuko 20-30 litro ingurukoa izan daiteke ordubetean. Euria zenbait lekutan iraunkorra izan daiteke eta metro karratuko 20-60 litro inguru pila daitezke".
Ostiral honetan, irailaren lehenean, Usurbilen "zerua partez hodeitua egongo da, behe-hodeien tarteekin. Arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira eta zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geratuko da. Arratsaldetik aurrera zaparrada ertain eta trumoitsuak bota ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; eguerdi partean ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez".
Larunbatean, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri ertaina sarri egingo du, zenbait lekutan euria oso ugaria eta iraunkorra izan daiteke. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Eki/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsalde-gauean eki/hego-ekialdera egingo du bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".
Aldaketa erabatekoa igandean. "Zerua hodeitsu egongo da, arratsaldean zeruak hodei gutxirekin geratzeko joera izango du. Eki-osagaiko haizea ahul-bizia ibiliko da bolada gogor batzuekin: eki/ipar-ekialdeko haizea nagusituko da egunaren erdialdeko orduetan, eta hego-ekialdekoa gauean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian.