50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren murala, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Dema plaza, Askatasuna plazako Karlos Zabalaren irudiak... Eta gehiago. Usurbilgo kaleetan begi bistakoa da kultur sorkuntzak hamarkada hauetan utzitako arrastoa. 650 Usurbil Bizi bestelako turismo eredua sustatzen ari den egitasmoaren testuinguruan, "Usurbil Museo Irekia" izeneko ekimenean parte hartzeko aukera dugu, asteburuetan, larunbat eta igande eguerdietan izaten diren bisita gidatuetan hain zuzen.
Uda osoan antolatu dira, eta gauza bera egingo da baita oporren bueltan ere. Irailaren 2tik hasita larunbat eta igandero izango dira hitzorduok, hilaren 17an eta 23an izan ezik. Irailaren 17an, 14. Baxurde Krosa ospatuko delako, irailaren 23an 50 urte bete dituen frontoi atzeko Jose Luis Zumetaren muralaren harira antolatu den Xumetik herri jaialdiagatik.
"Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain. Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan", antolatzaileen esanetan.
Gogoan izan, talde txikietan, gehienez 14 laguneko multzoetan egiten dira bisita gidatuok. Hitzordu hauetarako guztietarako izena aurrez bideratu beharko da, 650usurbilbizi.eus atarian.