Kultur agenda

Xumetik herri jaialdia, Santueneko jaiak eta Baxurde Krosa, iraileko eskaintzan

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 1a, 10:42

Oporren itzuleran, Santueneko jaiak, Xumetik herri jaialdia edota 14. Baxurde Krosa, hitzordu hauek eta gehiago izango ditugu asteotan. 

Ikastera edota lanera, itzulera egunak izango dira askorentzat honako hauek. Herri bizitzan azken asteotan izandako "oporraldia" ere amaitzear da. Iraileko lehen hamabostaldian, ikasturte hasiera izango dute ikastetxeetan, Udarregi ikastolan, Aginaga zein Zubietako eskoletan, Lanbide Eskolan baita Zumarte Musika Eskolan ere. Aisialdi tartea antolatzeko garaia izango da; herri eragileek antolaturiko hainbat ikastaroetan matrikulatzeko epea zabalik izango da.

Xumetik herri jaialdia
Iraileko bigarren hamabostalditik aurrera, kaleko hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izango dugu. Irailaren 15etik 17ra Santuenea festa giro betean murgilduko da. Produktu ezberdinen dastatze saioak, haurrei zuzenduriko ekimen eta jolasak, The Hastelen´s taldekoen itzulera kontzertu gauen artean, txapelketak edota auzokideak bilduko dituen hainbat hitzordu izango dira. Girotzen hasteko, irailaren 8an ikasturte berriari harrera egiteko arratsalde pasa iragarri dute. 

Festen azken txanpan, auzotik igaroko da 14. Baxurde Krosa. Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak irailaren 17rako iragarri du aurtengo edizioa; kronoak.com atarian eman ahalko da proba honetarako izena. Helduen zein gaztetxoen lasterketak iragarri dituzte. 

Astebete beranduago, Xumetik herri jaialdia ospatuko da, Jose Luis Zumetaren frontoi atzealdeko muralaren 50. urtemuga ekimenen baitan. Irailaren 23an, arte plastikoen erakusleiho eta tailerrak izango dira herriko sortzaileekin, "Usurbil Museo Irekia" ibilaldi girotu berezia eta Xumetik ikuskizuna. Bezperan, Zubietan, "Zumeta 23" dokumentala aurkeztuko dute. Horrekin batera, lan-taldean parte hartu duen kideetako baten, Peru Galbete eta gu taldekoen kontzertua izango da. 

Iraileko azken asteburuan Santueneko festen lekukoa hartuko du Aginagak; hilaren 30ean emango diete hasiera jaiei.

Deialdi gehiago
Hitzordu hauekin batera, gogoan izan; asteburu honetan Zubietan abiatuko duten 60. Enrike Abril errebote txapelketako partidak izango ditugu. Larunbat eta igande eguerdietan, herriko kaleetan ditugun kultur altxorrak ezagutzeko "Usurbil Museo Irekia" ibilaldi gidatuetan parte hartzeko aukera izango da. Odola ematekoa baita, bi hilean behin egiten den moduan, irailaren 4an Udarregi ikastolan. Kantu Taldea ere plazara itzuliko da kantu-jirarekin hilabeteko azken larunbatean. Bezperan, udako etenaldiaren ostean, Sarek mobilizatzera deituko ditu herritarrak. 

Egunez eguneko ekitaldien berri zehatzago jaso dezakezue web orrialde honetako "Agenda" atalean.