Bart gaueko ekaitzaren ondotik ere, abisu horian segiko dugu beroagatik

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 5a, 08:44

Bart gaueko ekaitzaren ostean, 32 gradura arteko tenperatura izan dezakegu egunotan.

Ikusgarria izan zen astelehen iluntzean izan genuen ekaitza. Etenik gabeko tximistek gaua argitu zuten, bero egin zuen aste hasieraren ondotik. Ekaitzak, ordea, ez du giroa freskatu. Astelehenaz geroztik, abisu horian gara beroagatik, eta hala segiko dugu datozen bi egunotan ere, astearte eta asteazken honetan. Atzo bezala, aipatu denbora tarte honetan ere abisu horian izango gara. "Tenperatura minimo/maximoak kostaldean 19/29 ºC ingurukoak izan daitezke. Bestalde, Kantauri barnealdean 18/32 ºC ingurukoak", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Uda giro beteko egunak izango dira honako hauek Usurbilen. Astearte honetan, "giro eguzkitsua, goi-hodei batzuekin zeruan. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak agertuko dira. Hego-haizea nagusi, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez". Asteazkenean ere, "giro eguzkitsua. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haizea ibiliko da, arratsalde-gau partean aldakor. Tenperaturan aldaketarik ez". Ostegunean, "giro eguzkitsua, goi-hodei batzuekin; arratsalde-gau partean bero-hodeiak garatuko dira. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haizea ibiliko da; arratsaldean ipar-ekialdera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus