Oinarrizko Lanbide Heziketako hiru plaza hornitzeko hautaketa-prozesua amaitu da

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 6a, 09:11

Oinarrizko Lanbide Heziketako hiru plaza hornitzeko hautaketa-prozesua amaieraraino heldu dela berri eman du Usurbilgo Udalak.

Hiru dira Atallun kokatua dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketan jarduteko bete nahi zituen plazak. Hiru langileon hautaketa-prozesua amaierara heldu dela berri eman du Usurbilgo Udalak, asteazken honetako, irailaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Batetik, lehen eta bigarren mailako irakasle plaza bana, bestetik, koordinatzaile eta laneko prestakuntza eta orientazio irakasle plaza hornitu nahi zituzten deialdion bidez.

Bi espezialitate
Bi espezialitateetan, ile-apainketa eta estetika eta sukaldaritza eta jatetxea arloetan trebatzeko aukera dago. Bi ikasturtez osatua dago hezkuntza eskaintza, 2.000 orduko ikasketa prozesua guztira (990 ordu lehen ikasturtean, 1.010 ordu bigarrenean). 15-17 urte arteko gazteak matrikulatu daitezke Oinarrizko Lanbide Heziketan, “salbuespenez, DBH2 egina dutenak”. Zubi aproposa, lan munduratu nahi izan edota gerora erdi mailako ikasketetan murgildu nahi dutenentzat. Atalluko ikastetxeko lan metodologia zerbait esatekotan, “oso praktikoa” dela nabarmendu behar da. “Tailerrean praktika eginez lanbidea ikasten da (egunean lau ordu). Beharrezkoa den teoria soilik lantzen da eta lanbidearekin zer ikusi zuzena duten edukiak irakasten saiatzen gara (egunean bi ordu)”. Lehen ikasturtean esaterako, oinarrizko heziketarekin batera, lanbide modulu praktikoak eskaintzen dituzte, baita tutoretza eta orientabide zerbitzua ere. Bigarrenean, baita formazio eta lan orientabidea eta 260 orduko iraupena duten praktikak enpresetan. Bi urteko ikasketak amaituta, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua, DBH graduatua, edozein ziklo eta espezialitateko erdi mailako ikasketarako sarbide zuzena edota lan munduratzea eskuratzen da. “1 profesionaltasun ziurtagiria”.

Tarte ezin garrantzitsuagoa du Oinarrizko Lanbide Heziketak egungo hezkuntza eskaintza zabalean. Atalluko ikastetxearen txikitasunak talde txikietan lan egitea ahalbidetzen die. “Ikasleen atentzio indibidualizatua ziurtatuta dago”. Ikasle bakoitzak jorratu nahi duen bidea lantzen laguntzen dute; “ikasle bakoitzari helburu pertsonalak jarri, jarraipena egin eta ebaluatzen zaie”. Ikaslea, hezkuntza prozesuko protagonista Oinarrizko Lanbide Heziketan ikasten ari den “gaztea erdigunean jartzen dugu eta ahalduntzen saiatzen gara”. Enfoke sistemikotik jarduten dute, familiarekin hartueman estuan. “Ikaslea hezkuntza prozesuaren protagonista da. Gaztearengan sinesten dugu eta gazte bakoitzaren ahalbide eta gaitasun positiboak lantzen ditugu”, OLH-tik azaldu dutenez.

Informazio gehiagorako:
943 360 465
olh.usurbil.eus
Atallu. Zanpiura, 3