Irailaren 23an

Malen Aierbe Zubeldiaren kartelak iragarriko du Xumetik herri jaialdia

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 6a, 11:35

Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralak 50 urte bete dituen honetan, urtemuga horren harira antolatu den Xumetik herri jaialdiak kartela badu dagoeneko, Malen Aierbe Zubeldia herrikideak sorturikoa.

Mende erdia bete du Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralak. 50. urtemugari lotuta mantentze lanak egin zituzten urte hasieran, bisita gidatuak ere bai lan hauetara. Sortze prozesua azaltzen duen erakusketa ere bisitatzeko aukera izan genuen udaberri partean. Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak urte hasieran lankidetzan iragarri zituzten ekimenetako batzuk izan ziren. Baina ez bakarrak.

Lerrootan duzue hurrengo hitzordua; irailaren 23an, Xumetik herri jaialdia antolatu du Usurbilgo Kulturguneak. Arte plastikoei lotutako erakusleiho eta tailerrak goiz partean, "Usurbil museo irekia" ibilaldi girotua arratsalde parterako eta ikuskizun berezia gauean; herri jaialdiari izena ematen dion Xumetik ekimena, "muralaren inguruko gogoetak dantza, antzerki eta musika bidez".

Hitzordu hau girotzen hasteko, gainera, bezperan, Zubietako errebote plazan, "Zumeta 23" dokumentala proiektatuko da, eta segidan, ikus-entzunezkoaren proiektu horretan parte hartu duen kideetako baten, Peru Galbete eta bere kideen kontzertua antolatu dute. 

Segidan duzue egitaraua, eta baita kartela ere, azken euskarri hauxe baita albistea azken orduotan. Xumetik iragarriko duen kartela plazaratu dute antolatzaileek. Artelan eder hau, herrikide batek sortutakoa da, Malen Aierbe Zubeldiak hain zuzen.




"Xumetik" herri jaialdia

Irailak 22, ostirala
22:00 Zubietako errebote plazan:

"Zumeta 23" dokumentalaren aurkezpena
ZUMETA 23. Duela mende erdi, Jose Luis Zumeta artistak bere lanik ikonikoena utzi zigun bere herriaren bihotzean: Usurbilgo frontoian. Egun bi pilotari-margolarik kolore festa bat ospatu dute bere omenez.
Zuzendaritza
Oskar Alegria.
Kamerak Juanfe Garces, Beñat Gereka, Luis Jambrina.
Audio eta soinu-postprodukzioa Luca Rullo.
Edizio eta irudi-postprodukzioa Luis Jambrina, Aitor Oñederra.
Makillajea Oihana Garde.
Atrezzo eta laguntzaileak Alicia Otaegui, Elias Alegria, Jon García Olabarri.
Pilotari pintoreak: Maite Ortiz de Mendibil, Manex Urtasun.
Kolore nahasketa, muralaren inspirazioa: Koldobika Jauregi.
Musika: Peru Galbete + “Urtsua uda”, Mikel Laboa.
Ahotsak: Agurne Alkorta, Arrate Eizagirre, Maria Jesus Tolaretxipi, Antonio Iparragirre, Iñaki Zugasti, Aitor Agirre, Aintzane Aizpurua, Nekane Zaldua.


"Peru Galbete eta gu" taldearen kontzertua
Peru Galbeteren laugarren diskoa da Beiratu. Bizitzari begietara begiratu, edo beiratu. Beiratzea ere badelako gauza bati beiraren ezaugarri edo itxura ematea, eder mantendu dadin. Hirukote akustiko formatuan dator Peru, Idoia Arizaleta gitarra eta teklatuan eta Santi Etxeberria kontrabaxuan.


Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Zubietako Herri Batzarra.


Irailak 23, larunbata
Xumetik herri jaialdia:
11:00-13:30 Arte plastikoen erakusleiho eta tailerrak herriko sortzaileekin.
18:00 "Usurbil museo irekia" ibilaldi girotua.
22:30 Xumetik ikuskizuna. Muralaren inguruko gogoetak dantza, antzerki eta musika bidez.

Antolatzailea: Usurbilgo Kulturgunea.