650 Usurbil Bizi

Datozen "Usurbil Museo Irekia" ibilaldi gidatuetarako lekua hartzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 6a, 10:03

Usurbilgo kaleetan ditugun altxorrak ezagutzeko bisita gidatuak izaten segiko dugu astebururo, larunbat eta igande eguerdiro irailean.

50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren murala, Udarregi bertsolariaren omeneko eskultura, Dema plaza, Askatasuna plazako Karlos Zabalaren sortze lanak... Eta altxor gehiago dituzte Usurbilgo kaleek. Egunerokoan begibistan ditugun sortze lanok sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen digu "Usurbil Museo Irekia" asteburuetako bisita gidatuen ekimenak.

Urtean eta udan zehar egin duten moduan, datozen larunbat eta igande eguerdietan ere hitzorduok antolatu dituzte "650 Usurbil Bizi" egitasmoko sustatzaileek, bi egunotan izan ezik; irailaren 17an, 14. Baxurde Krosa antolatu delako, eta hilaren 23an, Xumetik herri jaialdiaren baitan bisita girotu berezia iragarri dute. 

Gainerako larunbat eta igande eguerdietan, 12:00etan Sutegitik abiatuko dira ordubete inguru iraungo duten bisita hauek. Hitzorduotan izena aurrez eman beharko da 650usurbilbizi.eus atarian. Gehienez, hamalau bisitariko taldeak osatuko dira. 

"Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain.  Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".