Airearen kalitatea txarra, beroaldia ostiralera arte luzatu duten honetan

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 6a, 10:09

Tenperatura altu iraunkorragatik abisu horian segiko dugu ostiralera arte gutxienez. Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen neurgailuen arabera, airearen kalitate txarra dugu, baita geure inguruan ere. 

"Saharako hautsaren intrusio batean du jatorria" Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita beraz, geure inguruan ere dugun airearen kalitate txarrak. Hala argitu du Eusko Jaurlaritzak. Ingurumen Sailetik ohartarazi dutenez, "partikulen kontzentrazio altuen egoera orokorra" asteazken honetan amaituko da. 

Geure inguru hurbilean Eusko Jaurlaritzak partikula ezberdinen bi neurtzaile ditu; bat Udarregi ikastola ondoan, bestea Zubietan. Batean zein bestean, airearen kalitatea txarra dela ohartarazten ari da. 

Hala gertatzen ari da, euri tantarik gabeko egun berootan. Abisu horian gara hain zuzen, tenperatura altu iraunkorragatik aste hasieratik eta Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, egoera berean segiko dugu gutxienez etzira arte, irailaren 8ra arte. 31 gradu inguruko tenperatura izango dugu eguneko zenbait orduetan, gauez freskoago 18-20 gradu inguru.

Asteazken honetan, irailaren 6an Usurbilen, "giro eguzkitsua" izango dugula iragarri du Euskalmet-ek. "Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haizea ibiliko da, arratsalde-gau partean brisa. Tenperaturan aldaketarik ez". Antzeratsu ostegunean ere. "Giro eguzkitsua, goi-hodei batzuekin; arratsalde-gau partean bero-hodeiak garatuko dira. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haizea ibiliko da; arratsaldean brisa ibiliko da, gauean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez". Etzi, "hodeiak eta ostarteak. Hego-haizea ibiliko da, arratsalde-gau partean brisa. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.