2023-24 ikasturtea

Gaurtik bai, abian ikasturte berria

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 7a, 11:21

Akabo, bukatu zaie udako oporraldia ikasleei ere. Hasi dute 2023-24 ikasturte berria.

Denetariko aurpegiak, batzuk pozik, besteak triste. Baziren lagunartera bueltatu eta ziklo berria abiarazteko gogotsu zirenak, beste batzuk ez. Txikienak eskutik helduta iritsi dira, nagusiagoak senideren batekin edota haien kasa. Baziren goiztiarrak, atea ireki baino lehen eserita zain zenik. Justu samar iritsitakoak ere bai. 

Urteroko ohiko irudia errepikatu da gaurkoan; abiatu da, 2023-24 ikasturte berria. Autobusen joan-etorriak, motxilak bizkarrean haur eta gaztetxoen etenik gabeko mugimendua ikusi ditugu 8:30-9:00 artean Udarregi inguruan. DBH-koak izan dira ikastetxean barneratzen lehenak. Atzo izan zuten aurkezpen eguna, gaur estreinako ikasketa eguna. HH eta LHkoek ez, ostegun honetan, uztailaren 7an hasi dute ikasturte berria, izan ere gaurkoa baitzen ikastetxeetara itzultzeko Eusko Jaurlaritzak finkatua zuen egun ofiziala.

Egunotatik aurrera, beraz, Udarregi ikastola edota Aginaga zein Zubietako eskolak egunerokora itzuliko dira. Baita Lanbide Eskola ere.

Lanbide Eskola
Gaurko finkatua zuen Zubietako ikastetxeak 2023-24 ikasturte berriaren hasiera:
09:00 Erdi mailako zikloetakoei harrera: mekanika, elektrizitatea, mantentze eta administraritza.
09:20 Goi mailako zikloetakoei harrera:
-A eredua: administraritza, mekanika, informatika eta ostalaritza.
-B eredua: robotika, efizientzia energetikoa.
9:40 D eredua: mantentze, energia berriztagarriak, administraritza eta mekanika.
10:00 Bigarren mailako taldeei harrera geletan tutoreekin.


Zumarte musika eskola
2023-24 ikasturtea abian dute musika eskolakoek. Web orrialdetik ohartarazi dutenez, asteazken honetan bertan, irailaren 6an abiaraztekoak dira denboraldi berria.


Gaztelekua
12 urtetik gorako gazteei zuzenduriko egitasmoko egoitza, datorren astelehenetik, irailaren 11tik aurrera zabalik izango da berriz astean hirutan, ohiko ordutegian:
-Astelehenetan: 16:30-19:30.
-Ostegunetan: 16:30-19:30.
-Larunbatetan: 16:00-19:00.

Informazio gehiago Gaztelekua zabaltzen duten ordutegian (San Inazio kalea, 3), gaztelekuausurbil@gmail.com helbidean, edo 688 713 838 telefono zenbakian.