Beroaldia

Airearen kalitatea "ona" berriz

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 7a, 10:17

Airearen kalitatea "txarra" izatetik "ona" izatera itzuli da inguru hau. Halere, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, "Saharako hautsaren intrusio batean" jatorria duen "partikulen kontzentrazio altuen egoera orokorra" bere horretan mantentzen da oraindik. Bestalde, beroagatik aste hasieratik indarrean den abisu horiak larunbatera arte segiko du gutxienez indarrean.

Duela 24 ordura arte "txarra" zen airearen kalitatea Eusko Jaurlaritzak Udarregi ikastola ondoan, Zubietan nahiz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainerako neurgailuetan orduz ordu biltzen ari zen datuen arabera. Ostegun honetan, irailaren 7an, aldiz, "ona" da. Hala ari da adierazten Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, sarean duen web orrialdearen bidez.

Airearen kalitatea egunotan txartu duena "Saharako hautsaren intrusioa" izan dela dio Eusko Jaurlaritzak. Hortxe duela jatorria. Hauts haren "partikulen kontzentrazio altuak" eragin du egunotako aire kalitatean izan den okertzea. Ostegun honetan, oraindik egoera horrek eragiten segiko duela ohartarazten ari da Jaurlaritza, nahiz aurreko egunotan ez bezala, gaur airearen kalitatea "ona" dela dioen, Ingurumen Sailak geure inguruan jarriak dituen neurgailuek orduero bildutako informazioaren arabera. 

Abisu horian larunbatera arte
Airearen kalitatean egunotan izan diren gorabeherez gain, abisu horia ere indarrean izan dugu, aste hasieratik hain zuzen, tenperatura altu iraunkorragatik. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, hala segiko dugu, bai behintzat larunbatera arte, irailaren 8ra arte. 31-33 gradurainoko tenperatura izan dezakegu egunotan.

Giro honekin, gaur, hilak 7, Usurbilen, "giro eguzkitsua" izango dugu "goi-hodei batzuekin; arratsalde-gau partean bero-hodeiak garatuko dira. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haizea ibiliko da; arratsaldean brisa ibiliko da, gauean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez".

Ostiralean, "hodeiak eta ostarteak" izango ditugu. "Hego-haizea ibiliko da, arratsalde-gau partean brisa. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da", Euskalmet-en arabera.

Larunbatean, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitsu agertuko da, goizaldean tarte hodeitsuekin. Arratsaldean eta gauean bero-hodeiak agertuko dira. Goizaldean eta arratsalde-gauean baliteke trumoi-zaparradaren bat botatzea. Hego edo hego/ekialdeko haizea ahul-bizi ibiliko da, arratsaldean brisa ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez".

Informazio gehiago, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.