Irailaren 9an Zarautzen ospatuko duten Euskal Jaira joan edo etortzeko gaueko zerbitzua eskainiko du larunbatean Euskotrenek. "Gaueko 19 tren ibiliko dira guztira, 8 Amaratik (Donostia) irtengo direnak eta beste 11 Zarauztik", ohartarazi du Euskotrenek. Biharamunean, Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldia izango da Donostian. Gipuzkoako hiriburura joateko ere tren zerbitzua indartuko dute. Usurbilen lehen zerbitzua 8:24an izango da, hortik aurrera orduero izango da tren zerbitzua, baina ezohiko zerbitzuok ere iragarri ditu Euskotrenek orduotan: 9:35, 9:53, 10:53, 11:39.
Ekainaren 19az geroztik indarrean du Euskotren-ek udako ordutegia. Urtero moduan, Usurbil zeharkatzen duen zerbitzua indartu egin dute udako asteburu eta jaiegunetan. Kasuotan, 13:50-20:50 artean ordu erdiro izango da tren zerbitzua Donostia aldera eta 15:00-22:30 artean Orio aldera. Gainerako ordu tarteetan, urtean zehar izaten den moduan, orduero. Astelehenetik, irailaren 11tik aurrera indarrean izango du berriz, "neguko" ordutegia.
Informazio gehiago:
euskotren.eus
944 333 333
Bi aginagar
Kontxako Bandera nork etxeratuko duen bigarren eta azken jardunaldi erabakigarria jokatuko da igandean, irailaren 10ean. Goizeko 11:00etan emakumezkoen estropadak jokatuko dira, ordubete beranduago gizonezkoenak. Gogoan izan, bi aginagar lehiatuko dira gizonezkoen arteko estropadetan; bat Ondarroako ontzian, Iñaki Errasti. Bestea Oriokoan, Josu Ostolaza. Ondarroa zortzigarren postuan sailkatua dago, Orio laugarrenean.
Kontxako 16. Bandera
1-Tolosaldea: 10:37.64
2-Arraun Lagunak: 10:37.82
3-Donostiarra: 10:39.80
4-Orio: 10:42.30
5-Hibaika: 10:57.22
6-Hondarribia: 10:59.32
7-Zumaia: 11:04.86
8-Kaiku: 11:15.56
Kontxako 128. Bandera
1-Urdaibai: 19:20.92
2-Hondarribia: 19:22.17
3-Donostiarra: 19:25.11
4-Orio: 19:25.89
5-Zierbena: 19:28.67
6-Cabo: 19:48.60
7-Getaria: 19:49.12
8-Ondarroa: 20:01.04