Urtero-urtero, euskaran trebatzeko konpromisoa hartzen dute zenbait herritarrek, AEKren eta Udal Euskaltegien laguntzarekin, aurrera egiteko grinez. Euskara ikasteko arrazoi adina aukera bermatzen ditu Buruntzaldeak: guztira, zortzi euskaltegi biltzen ditu eskualdeak; bana, Andoainen, Urnietan eta Usurbilen; bina, berriz, Hernanin eta Lasarten. Abaniko zabala dute eskuen artean euskaran trebatzeko gogoa duten herritarrek, aurrez aurreko ikastaroaren bidez, baita autoikaskuntza hautatuta ere.
Hori gutxi balitz bezala, diruz laguntzen dute eskualdeko udalek ikasketa-prozesua. Halaber, HABEk ere diru-laguntzak ematen ditu, baldin eta erakundeak ezarritako maila edo baliokidea eskuratzen badu ikasleak.
Ateak irekita
Prest da Hernaniko Udal Euskaltegia 2023-24 ikasturteari begira euskaran trebatzeko gogoa duten herritarrak jasotzeko. Bada, bertako irakasle da Izaskun Arrieta eta elkarren artean antzekotasunik ez duten bi mailatan egiten du lan: batetik, hasi berri direnekin, alegia, A1 mailakoekin eta, bestetik, 17 urteko nerabeekin, C1-aren prestaketan. Profil anitzeko jendea biltzen da euskaltegian; hortaz, bakoitzaren neurrira egokitutako estrategiak erabiltzen dituzte irakasleek hizkuntza erakusteko. Ildo beretik, gustuko du kontrastea Arrietak, maila bakoitzak bere exijentziak eta pazientziak eskatzen dituelako. Dena dela, maiz, hizkuntza bat ikasteak dakartzan buruhausteak buruhauste, irakaslearen hitzetan, "ederra izaten da ikasturte amaieran
emaitzak ikustea, aurrerapausoak eman dituztela antzematea".
Askorentzat egindako lanaren aitortza da titulua eskuratzea, baina ikasketa-prozesuan prozesuan ere begirada ipini du irakasleak: "Jende asko euskaldundu da gurean". Egunero, ordea, makina bat erronkarekin egiten dute topo irakasleek: "Atzean gelditu den hori nola motibatu asmatzea ere badugu xede".
Taldean ikasteko aukera
Motibazioa soberan dauka Rocio Arias Andoainen bizi den urnietarrak urtero-urtero herriko AEK euskaltegian izena emateko. Ezer gutxi zekien euskaraz lehen, ikasketa guztiak gaztelaniaz egin baititu. Horrela, hutsetik hasi zen hizkuntzan trebatzen eta sei urte daramatza buru-belarri bertan, aurrez aurreko klaseak jasotzen. Egun, B2-B1 mailan dago (entzumena/irakurmena-idazmena/mintzamena).
Titulurik ez duela behar dio, eta, horrela, haren hitzetan, ez dio gehiegizko presiorik jartzen bere buruari: "Oso gustuko dut hizkuntza taldean ikastea, eta harreman polita dugu irakaslearekin. Gelakide asko ez nituen lehenago ezagutzen, gainera". Elkarri laguntzen diotela azaldu du ikasleak, eta klaseak "dinamikoak, arinak eta erosoak" iruditzen zaizkio: "Jakin-mina izanez gero, proba dezala jendeak". Gauzak horrela, irakurle, eskuen artean duzu ikasturteari begirako erronka berria: euskaltegian izena eman eta euskaran trebatzea, mihia zorroztea.
Euskara ikasteko diru-laguntzak
Andoain
• Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Andoainen erroldatuta egotea (gutxienez, 6 hilabete) eta % 85eko asistentzia.
• Dirulaguntzak: xehetasunak, euskara.buruntzaldea.eus web orrian.
Astigarraga
• Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Astigarragan erroldatuta egotea eta %85eko asistentzia.
• Dirulaguntzak: xehetasunak, euskara.buruntzaldea.eus atarian.
Hernani
• Baldintzak: Hernanin erroldatuta egotea eta % 85eko asistentzia.
• Dirulaguntzak: xehetasunak, euskara.buruntzaldea.eus atarian.
Lasarte-Oria
• Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Lasarte-Orian erroldatuta egotea, % 85eko asistentzia.
• Diru-laguntzak: matrikularen %85a gehienez ere.
Urnieta
• Baldintzak: Urnietan erroldatuta egotea, %80ko asistentzia.
• Diru-laguntzak: matrikularen % 100 gehienez ere langabetuentzat, eta %85, gehienez ere, lanean ari direnentzat.
Usurbil
• Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Usurbilen erroldatuta egotea, %80ko asistentzia eta aprobetxamendu egokia.
• Laguntzak: matrikula osoa.
*Xehetasun gehiago, udal bakoitzaren web orrialdean.