"Etorkizunean Parkinsonaren intzidentzia asko handituko da"

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 8a, 13:59

EHUko Farmakologiako doktoregaiak Fundación Lilly-The Conversation saria irabazi du Maider Zubeldu ikerlari herrikideak, 'Parkinson gaixotasuna usaindu al daiteke?' artikulu dibulgatiboari esker.

Parkinson gaixotasuna usaindu al daiteke?' artikuluarekin irabazi duzu Fundación Lilly- The Conversation sariaren III. edizioa. Azal iezaguzu zeri buruzko lana den eta zergatik erabaki duzun horri buruz idaztea.
Artikuluak Parkinson gaixotasunean biomarkatzaile fidagarriak aurkitzeak duen garrantzia azaltzen du, Joy Milneren istorioa irakurlearentzat arreta puntu bezala erabilita. Biomarkatzaileak sustantzia batzuk dira eta euren aldaketek gaixotasunen baten presentzia adieraz dezakete. Kasu honetan, seboan aurki daitezkeen biomarkatzaile desberdinak aipatzen dira artikuluan eta baita horiek Parkinsonaren diagnostiko goiztiarrerako izan dezaketen garrantzia azpimarratu ere. Nire tesi proiektua Parkinsonari buruzkoa da, eta beraz, dibulgazioko artikulu hau gaixotasun honi buruz idatzi nahi nuen. Egun batean, nire tesiko tutoreak Joy Milneren istorioa aipatu zidan eta interesgarria iruditu zitzaidan horri buruz idaztea. Joy eskoziako emakume bat da, erizaina izandakoa eta oso usaimen fina duena, hiperosmia bezala ezagutzen dena. Bere senarrari Parkinsona diagnostikatu baino hamarkada bat lehenago, senarrari usaina aldatu zitzaiola ohartu zen. Diagnostikoa eta gero, gaixotasunari buruzko hitzaldietara joaten hasi ziren eta bertan ohartu zen beste gaixoek ere usain berdina zutela, egurraren antzekoa. Ikerlariekin hitz egin eta horrela hasi ziren Parkinson gaixotasunaren eta gorputzeko usain aldaketei buruzko ikerketak egiten.

Masterra egitean ere horrelako gairen bat landu zenuen edo orain, doktoretza egitean, gai hauek lantzen ari zara?
Neurozientzietako masterra egin nuen Madrilen eta ikasgai bat genuen gaixotasun neurodegeneratiboei buruzkoa. Bertan gaixotasun desberdinak landu genituen, Alzheimerra, Parkinsona, Esklerosi Lateral Amiotrofikoa... Baina ez ziguten ezer irakatsi usainen eta gaixotasunen loturari buruz. Orain, doktoretzan, esan bezala, Parkinsonari buruz ari naiz ikertzen, baina ez zehazki gaixotasun honen usainari buruz. Gai honi buruz irakurtzen eta informatzen hasi naizen lehen aldia saritua izan den artikulua idazten hastean izan da; niretzat ere nahiko berria da.

Inguruan tokatu zaizu Parkinson gaixotasuna duen norbait edo nondik datorkizu gai honekiko interesa?
Zorionez, momentuz ez zait tokatu inguruan Parkinsona duen inor. Parkinsonarekiko interesa masterretik datorkit, gaixotasun neurodegeneratiboei buruzko ikasgai hartan irakasle oso onak izan nituen eta asko gustatu zitzaidan. Gainera, adinarekin lotuta dauden gaixotasun hauei buruz ikertzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Gaur egun, pertsona askok dute Parkinsona, baina datozen hamarkadetan intzidentzia asko handituko da gizartearen zahartzearen ondorioz. Beraz, gaixotasunari buruzko ikerketak garrantzitsuak dira etapa goiztiarragoetan gaixotasuna diagnostikatzeko edota gaur egun sintomatikoak bakarrik diren tratamenduentzat alternatibak bilatzeko.

Nolatan erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea? Lehen aldia zenuen?
Bai, hau lehen aldia nuen. Aurreko urtean zalantzan egon nintzen aurkeztu edo ez, baina azkenean denbora faltagatik ez nintzen aurkeztu. Hala ere, aurten animatu naiz. Farmakologia departamentuko lankide bat ikerketaren gizarte hedapenerako zuzendaria da gaur egun EHUn, eta dibulgazioko lehiaketa eta gaiak jarraitzen ditu. Aurreko urtean berak hitz egin zigun nire tutoreari eta niri lehiaketari buruz, eta aurten ere gogorarazi digu deialdia itxi aurretik. Jende asko ez zela aurkeztuko iruditzen zitzaiola eta animatzeko esan zidan, eta halaxe egin nuen.

Zein izan da jaso duzun saria? Zer eman dizute saritzat?
Sari bat baino gehiago ba- natu dute. Aukeratutako lehen 10 artikuluak argitaratu dituzte eta lehen bientzat, horrez gain, dirua ere bazen saritzat; lehenengoarentzat 2.000 euro eta bigarrenarentzat 1.000 euro. Saria irabazteak artikulua edo nire doktoretzako lana
ezagutaraztera ematea ere ekarri dit, elkarrizketak egin baititut hainbat irrati kateetan honen harira.

Artikulua irakurri nahiko bagenu, argitaratuta dago nonbait edo non aurki dezakegu?
The Conversation webgunean irakur daiteke. Nire izena bilatu eta bertan aurkituko duzue artikulua, webgunean argitaratu genuen beste dibulgazioko artikulu batekin batera. Gainontzeko artikulu sarituak ere bertan aurki ditzakezue.

Farmakologiako doktoretza egiten ari zara. Zer ari zara aztertzen edo zein gai ari zara lantzen?
Parkinson gaixotasunaren animalia eredu batekin egiten dut lan. Saguek ez dute berez Parkinsona izaten, eta beraz, ikerketa esperimentala egiteko, modu batera edo bestera gaixotasuna eragiten zaie animaliei. Eredu ugari daude, baina ez da gaixotasunaren animalia eredu perfekturik existitzen. Gaur egun gehien erabiltzen diren ereduak gizakian berez gertatzen denetik asko urruntzen dira, eta beraz, oso garrantzitsua da animalia eredu egokiak garatzea ondorengo ikerketetarako. Animaliei portaera-probak egiten dizkiet alterazio motorrak dituzten ikusteko.

Pertsonetan ere sintoma motorrak agertzen dira, dardarak edo mugimendu motelak, adibidez. Proba histologikoak ere egiten ditut neuronen galera edo inflamazioa badagoen ikusteko. Gizakian neurona galera nabarmena gertatzen da gaixotasuna diagnostikatzen denerako.

Bestalde, azterketa elektrofisiologikoa ere egiten dugu neuronen funtzionamendua aldatuta dagoen ikusteko. Doktoretza egiten hasi nintzenean, hasierako ideia tratamendu neurobabesle bat ematea zen, ikusteko ea aipatutako sintoma edo aldaketa horiek hobetzen ziren.

Dena den, zientzian gorabehera eta arazo asko izaten dira normalean, eta azkenean ez dut uste denborarik emango didanik.

Doktoretza egiten dutenek unibertsitatean klaseak ere ematen dituzte askok. Zu ere horretan zabiltza edo ibiliko zara?
Doktoretza egiten ari garenok aukera hori badugu, nire kasuan ez zen derrigorrezkoa baina egon naiz klase batzuetan. Ezin dugu teoria klaserik eman, ordenagailuko edo laborategiko praktikak bakarrik izan daitezke. Joan zen urtean beste irakasle batzuekin egon nintzen praktika batzuetan, entzuten eta ikasten, eta aurten lehen aldiz bakarrik egoteko aukera izan dut ordenagailuko praktika batzuetan odontologiako graduan. Datorren urtean ere pentsatzen dut joango naizela praktikaren batera, ondo etortzen da beti esperientzia hartzea.

 

"Tesia bukatzeko beste urte bat geratzen zait"

Behin doktoretza amaituta zertan lan egitea gustatuko litzaizuke?
Oraindik ez daukat ezer argi, ez naiz horretan gehiegi pentsatzen jarri, egia esan. Momentuz, gutxienez beste urtebete geratzen zait tesia bukatzeko, eta bukaera gerturatzen denean jarriko naiz aukerak baloratzen. Asko atzerrira joaten dira doktoretza osteko ikerketak egitera, unibertsitatean bertan ere gera naiteke ikertzen eta klaseak ematen edo enpresaren batera joatea ere aukera ona izan daiteke.