FestTVal jaialdiaren amaierako galan jasoko du TOKIKOMek EITB Saria

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 8a, 08:37

Egunotan Gasteiz hartu duen FesTVal jaialdiaren amaieran NOAUA! kide duen tokiko euskarazko komunikabideen sarea sarituko dute.

NOAUA! kide duen tokiko euskarazko komunikabideen sarea hizpide izango dute egunotan Gasteizen egiten ari diren FesTVal jaialdiaren amaieran. Larunbat arratsaldeko 20:00etan egingo den azken galan TOKIKOMek jasoko du hitzordu horretan banatuko duen EITB Saria.

"Euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana" aitortzeko
Duela astebete iragarri zuen Euskal Irrati Telebistak 76 toki hedabideek eta 250 profesionalek baino gehiagok osaturiko bilgunea nabarmendu nahi zutela. Hamar urte bete berri ditu TOKIKOMek eta ibilbide horri gorazarre egin nahi diote "eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu". NOAUA!ri eta esparru berean lan egiten duten euskarazko gainerako tokiko hedabideei saria ematea erabaki dutenen esanetan, "hamarkada horretan, TOKIKOMek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko".

TOKIKOMen zuzendaritzak pozarren hartu du egunotako albistea. "Euskara hutsezko hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa izango bada elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko”, Alaitz Artolazabal zuzendariaren esanetan.

Sarituak
Telebista munduko "izarrak" batu eta sektoarentzat erreferentziazkoa bilakatu den jaialdi honen hamabosgarren edizioaren amaierako ekitaldian jasoko du TOKIKOMek EITB Saria, baita EITBko kirol saileko lan taldeak ere. Hitzordu berean, jasoko dute FesTVal saria Atresmediako "Mask Singer" lehiaketak eta "Amar es para siempre" telesailak, Mediaset enpresak eskaintzen duen "Got Talent" talent ikuskizunak eta "La que se avecina" telesailak, RTVEko "La Promesa" telesailak eta "Benidorm Fest 2023" lehiaketak edota Movistar Pluseko "La Unidad. Kabul" telesailak. Norbanako zenbaitek ere saria jasoko du ekitaldi berean; Gasteizko jaietan azken urteotan Zeledon izan den Gorka Ortiz de Urbinak edota Patrick Criado aktoreak. Tik Tok sare sozialeko "Ac2ality" laukotearen albistegia ere sarituko dute.