Bart eman diote amaiera Gasteizen, aste osoan telebistaren eta ikus-entzunezkoen munduko aditu eta arituak batu dituen FesTVal jaialdia. Hiriburuko Principal Antzokian ospaturiko azken galan sektoreko hainbat proiektu eta profesional saritu dituzte, besteak beste, NOAUA! kide duen euskarazko 78 toki hedabide, 30 bazkide eta 250 langile baino gehiagoko sarea, Tokikom; EITB Saria jaso du.
Saria jasotzeko ekitaldian izan ziren sare honen zuzendari Alaitz Artolazabal eta presidente Iban Arantzabal. Oso eskertuak eta pozik jaso dute saria. "“EiTB bezalako enpresa handi batek TOKIKOMen txikitik egiten dugun ahalegina aitortu izana oso berri pozgarria da, honelako jaialdi batean euskara hutsezko hedabideak aitortzea pozgarria den bezalaxe”, Artolazabalen esanetan.
Iban Arantzabalek, bere aldetik, azpimarratu du “globalizazioaren aroan, zero kilometroko komunikazioak inoiz baino garrantzi handiagoa duela gizarte demokratiko eta kohesionatua bermatzeko, eta zeregin horretan ezinbestekoa dela euskal hedabideen arteko lankidetza. Tokian tokikoak komunitate biziak dira eta komunikazio gertuko eta fidagarriak behar dituzte”.
Sari honekin hamar urteotako ibilbidea goraipatu nahi izan dute. "250 langile baino gehiagok dihardute bertan, Zero kilometroko komunikazioa lantzen: gertuko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik bertara lantzen du bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz. TOKIKOMeko hedabideak kolore eta joera guztietarako biztanleengana heltzen dira. Eraginkortasunez eta baliabideei ahalik eta atarramendu handiena ateraz, konpromisotik eta komunitatea bera hobetzeko ahaleginean ale bat gehiago jarriz".
Horrekin batera, euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu dute. Besteak beste, saria eman dion Euskal Irrati Telebistarekin sustaturiko elkarlan eredu berria ere nabarmendu nahi izan du Tokikomek, "sektorearen hedapena sustatu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. TOKIKOM eta EiTBren arteko elkarlan hori hainbat ekimenen bidez gauzatzen da gaur-gaurkoz. Hala, TOKIKOMeko hainbat komunikabideetako kazetariek Euskadi Irratiko BAIPASA magazinean parte hartzen dute astero, tokian tokiko ekimenen berri emateko. SARETZEN proiektuaren bidez, berriz, EiTBko zein TOKIKOMeko kazetariek datu-kazetaritzaren inguruko lanketa egiten dute elkarrekin. Eta PRIMERAN ikus-entzunezko plataformaren garapenean ere elkarlan estua izaten ari da bi taldeen artean, toki komunikabideen ikus-entzunezko edukiak plataforman eskuragarri egon daitezen".
Sarituak
Telebista munduko "izarrak" batu eta sektoarentzat erreferentziazkoa bilakatu den jaialdi honen hamabosgarren edizioaren amaierako ekitaldian jaso du TOKIKOMek EITB Saria, baita EITBko kirol saileko lan taldeak ere. Hitzordu berean, jaso dute FesTVal saria Atresmediako "Mask Singer" lehiaketak eta "Amar es para siempre" telesailak, Mediaset enpresak eskaintzen duen "Got Talent" talent ikuskizunak eta "La que se avecina" telesailak, RTVEko "La Promesa" telesailak eta "Benidorm Fest 2023" lehiaketak edota Movistar Pluseko "La Unidad. Kabul" telesailak. Norbanako zenbaitek ere saria jaso du ekitaldi berean; Gasteizko jaietan azken urteotan Zeledon izan den Gorka Ortiz de Urbinak edota Patrick Criado aktoreak. Tik Tok sare sozialeko "Ac2ality" laukotearen albistegia ere saritu dute.