Superkopa Bera Berarentzat

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 10a, 09:00

Argazkia: Bera Bera.

Iberiar Superkopa irabazi du Bera Bera eskubaloi taldeak eta talde horretako Usurbilgo bi kideek; Esther Arrojeria jokalariak eta Jon Begiristain entrenatzaileak. Herrikideen arteko finala izan zen; Malagakoen taldean jokatzen ari baita denboraldi honetan Estitxu Berasategi.

Malagakoen aurka Donostiako Gascan jokaturiko Superkopako finala irabazi du Bera Bera eskubaloi taldeak larunbat honetan; 31-30 izan da azken emaitza. Goletako bat Kalezarko Esther Arrojeriak egin zuen. Gogoan izan, berarekin batera, badela aurten beste herrikide bat taldean; abiarazi berri duten 2023-24 denboraldi honetako bigarren entrenatzailea da Jon Begiristain.

Eta adi, herrikideen arteko finala izan zen honako hau. Izan ere, Malagak aurtengo denboraldirako fitxatu du Estitxu Berasategi.

Ezohiko minutuko isilunea egin zuten final horretan zehar, Marokon izandako lurrikarak hil eta kaltetu dituenen alde.

Jon Begiristain Bera Beran
Uztailean eman zuen ezagutzera Bera Bera taldeak, bigarren entrenatzaile izango zuela Urdaiagakoa. Iaz, Euskal Ligako kadete eta jubenil mailako emakumezkoen taldeak zuzendu zituen. Aurretik, Bidasoa taldeko jubenil mailako taldea zuzendu eta Gipuzkoako nesken kadete hautatzailea izan zen 2010-14 urte artean. Aiala Zarautzen, beste usurbildar baten, Martin Larrañaga entrenatzailearen laguntzailea izan zen 2015-16 denboraldian eta ohorezko mailan egindako urtean ere talde berean segi zuen. 2017-19 urte artean Zilarrezko Mailan lehen entrenatzailea izan zen.

Bere ibilbidearen jatorria herrian bertan du Begiristainek, Usurbil Kirol Elkartean. Jokalari izateaz gain, besteak beste, Euskal Ligako kadete nesken taldea bi urtez eta beste denboraldi batez jubenil mailakoa zuzendu zituen.