Ekaitz giroa izan dezakegu egunotan, abisu horian izango gara

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 10a, 08:22

Egunotako beroaldia eta gero, ekaitz arriskua egunotan. Abisu horian izango gara.

30 gradutik gorako tenperatura izan dugu aste honetan zehar. Gauez ere ez du askorik freskatu. Aldaketa dator orain. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara egunotan prezipitazio handiagatik; igande honetan, 15:00etan hasi eta gauerdira arte. Astelehenean segida, arratsaldeko 15:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte, gero gauerditik astearte goizaldeko 3:00ak arte.

Gaur, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta baliteke zenbait tokitan handiak izatea, bereziki mendebaldean. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (60-80 km/h ingurukoak). Baliteke txingorra botatzea (2-3 cm)". Astelehenean antzeko egoera izan dezakegu, gau partean bereziki ekialdean eragin dezake gehien.

Igande honi dagokionez, beraz, Usurbilen "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Noizbehinka zaparradak bota ditzake. Haizea, aldakor, arratsaldetik aurrera ipar-mendebaldekoa nagusi. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Astelehenean, "egunaren lehenengo partean zerua tarteka hodeitsu egongo da, arratsalde-gau partean hodeitsu edo oso hodeitsu. Noizbehinka zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu; arratsalde-gau partean handiak izateko probabilitatea txikia da. Haize ahula eta aldakorra ibiliko da, bolada gogor batzuekin, goizean barnealdean hego-ekialdekoa nagusi; arratsaldean ipar-osagaia izango da nagusi. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Asteartean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparradak bota ditzake eta baliteke zenbait lekutan trumoitsuak izatea. Ipar edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da ahul-bizi. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi jaitsiko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.