Zerbitzu eskaintza oparoa Parekidetasun Sailetik

Noaua Aldizkaria 2023ko irailaren 11

Ikasturte osora luzatuko den lehen hilabeteotarako eskaintza iragarri du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak.

Nabarmendu dutenez, “lotura zuzena du Emakumeen Etxearen proiektuarekin. Parte-hartze prozesuan, etxeak eskainiko dituen zerbitzuak eta beste zehaztu zituzten, eta horiek daude udazkeneko eskaintzaren oinarrian. Kalezarko auzo-ekipamenduaren eta Emakumeen Etxearen egoitza izango den Pelaioenea oraindik obretan badago ere, proiektutik eratorritakoak martxan jarriko dituzte”.

Udaletik azaldu dutenez, Kalezarko Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxeko nahiz auzo ekipamenduko lanen amaiera atzeratu egingo da. Izatez, segidan zehazten diren zerbitzuak bertan eskaini nahi zituzten ikasturte hasieratik. Oraingoz, ordea, lanok amaitu artean Potxoenean eskainiko dira.

Aurrerago irekiko dute, beraz, Emakumeen Etxea. Aurreratu dutenez, hiru atal nagusi izango ditu. “Batetik, kontzientzia feminista sustatzeko jarduerak: horretarako, jabetze-eskolak eta kultur ekitaldiak antolatuko dituzte. Bestetik, erabilera anitzeko espazioak egongo dira: goxo egoteko gune bat eta liburutegi feminista bat izango ditu, eta irakurketa feminista talde bat sortzea ere aurreikusi zuten. Horrez gain, zerbitzuei dagokienez, emakumeei arreta eta harrera eskainiko zaizkie, Aniztasun sailaren harrera zerbitzua ere handik kudeatuko dute, eta aholkularitza juridikoa eta sexu aholkularitza ere han kokatuko dituzte”.

Sexu aholkularitza gunea
Bi astelehenean behin eskainiko da, oraingoz Potxoenean: irailaren 18an, urriaren 2an, 16an eta 30ean, azaroaren 13an eta 27an, abenduaren 11n... Hitzordua bideotatik eskatu ahalko da: info@xelebreak.com / 650 232 714. “Adin guztietako herritarrei zuzendutako zerbitzua da, herritarrek sexualitatearen inguruan izan ditzaketen zalantza, zailtasun eta/edo informazio beharrei erantzuteko”, gogorarazi dute Udaletik.

Aholkularitza juridikoa
Hilean bitan eskainiko dute zerbitzu hau, oraingoz Potxoenean: irailaren 20an eta 25ean, urriaren 4an eta 18an, azaroaren 15ean eta 29an, abenduaren 12an eta 18an... Hitzorduan udaletxean edo 943 371 951 telefono zenbakian eskatu ahalko da. Udalak kontrataturiko Irule abokatu taldeak eskainiko du zerbitzu hau “Usurbilgo emakume guztiei zuzendutako zerbitzua da, eta, gutxienez, ordubeteko aholkularitza

legala jasotzeko aukera izango dute”, hainbat gai konplexuri buruzkoa hain zuzen: “banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak”.

Jabetze eskola
Bi ikastaro iragarri dituzte:
-“Autoestimua eta ahalduntzea” Pepa Bojoren eskutik (gazteleraz), urriaren 5etik abenduaren 14ra, ostegunero oraingoz Potxoenean, 17:00-19:00 artean. “Autoestimua funtsezko oinarria da, eta horretan oinarritzen da ahalduntze-prozesua. Tailer hau

gure gizarte patriarkalean autoestimua nola eraikitzen den ulertzeko tresna bat da, bizitzan zehar jaso ditugun mezuetatik zeintzuk laguntzen eta ahalduntzen gaituzten jakiteko; baita zein baliabide, indargune eta trebetasun ditugun jakiteko eta geure buruarekin harreman ona sortzeko, zaintzaren eta auto-konfiantzaren bidez”.

-Biodantza, urriaren 3tik abenduaren 12ra, asteartero, 15:30-17:00 artean Oiardo kiroldegian. “Biodantza musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Modu honetan, bakoitzak bere pentsamendu, sentimendu eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Tratu onak ematen dira norberarentzat, besteentzat eta inguruan ere. Besteekiko enpatia garatzen da, eta afektuan oinarritutako harremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da, eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar”.

Ekitaldi gehiago
Beste bi ekimen iragarri ditu Parekidetasun Sailak azarorako:
-Azaroak 19, 19:00: “Hiru kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi” antzerki saioa Sutegin.
-Azaroak 28, 18:00: Helduentzako ipuinak. Dorleta Kortazar Alkoz: “80 amandre” Sutegi udal liburutegian.
Sarrerak: azaroan eskuragarri, usurbilkultura.eus plataforman.