Ekaitza lehertu da alerta laranja betean

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 11a, 19:42

Arratsaldeko 15:00etik alerta laranjan gara prezipitazio handiagatik. Arratsalde erdian lehertu da ekaitza. Halere, beste hainbat lekuetan baino euri gutxiago egin du inguruotan.

Lehertu da ekaitza baina ez da Euskal Herriko beste hainbat txokoetan adina prezipitazio pilatu. Gogoan izan, alerta laranjan gara arratsaldeko 15:00etik gaueko 22:00ak arte. Euskalmet meteorologia agentziak iragarritakoaren arabera, zaparradak "zenbait tokitan oso handiak izan daitezke", gaineratu du. Honatx sare sozialen bidez zabaldu duen mezua. "Ordubetean 20-30 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu eta baliteke handiak izatea (ordubetean 15 l/m² baino gehiago) eta txingorra botatzea (2-3 cm); zenbait tokitan zaparraden intentsitatea oso handia izan daiteke (ordubetean 30 l/m² baino gehiago), probabilitate handiagoarekin Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean eta Araba iparraldean eta 18:00-21:00 h (ordu lokala) artean. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (60-80 km/h ingurukoak)".

Adi ibili beharko da honenbestez. "Gaur ezegonkortasuna areagotu egingo da. Egunean zehar zaparrada trumoitsuak bota ditzake han eta hemen, batez ere egunaren bigarren patean, orduan zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke eta baliteke kazkabarra ere botatzea, haize-bolada gogorrekin. Goizean haizea ahul eta aldakor ibiliko da, hego ukituarekin, eta arratsaldean iparraldetik joko du, batez ere Kantauri isurialdean. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, baina hala ere 25-30 ºC artekoak izango dira, beraz giro sargoriarekin jarraituko dugu", iragarri du Euskalmet-ek.

Biharko ere aldaketa handirik ez da espero. "Zaparradak eta ekaitzak nabarmenduko dira. Zaparrada mardulenak egunaren bigarren partean botako ditu eta edozein eskualdetan bota ditzake. Hodeitzari eta iparraldeko haizeari esker, tenperaturak behera egiten jarraituko du".

Asteazkenean ere antzeratsu joango zaigu eguna. "Ia ez da aldatuko tenperatura eta euri kontuekin jarraituko dugu. Lainotuta egongo da goizean goizetik eta zaparrada batzuk botako ditu, nahiz eta arratsaldean atertzera egin. Ipar-osagaiko haizea ibiliko da".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian izango duzue.