Alerta laranjaren ondotik, abisu horian berriz

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 12a, 08:00

Euskal Herriko beste txoko hainbatetan ez bezala, kalterik eragin ez duen alerta laranjaren ondotik, abisu horian izango gara gaur.

Prezipitazio handiagatik astelehenean indarrean izandako alerta laranja bart gauean ezabatu dute. Euskal Herriko hainbat txokotan txikizioak eragin dituen ekaitzak, euri zaparradak baino ez ditu eragin inguruotan. Astearte honetan, larritasun maila baxuagoko alerta izango dugu, abisu horian izango gara berriz prezipitazio handiagatik astelehen eguerditik gauerdira. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake Kantauri isurialdean, zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki kostaldean. Hilaren 13an, asteazkenean, goizaldean eta goizean goiz Kantauri isurialdeko guneren batean zaparrada trumoitsu eta handiak bota ditzake", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. 

Astearte honetan, beraz, Usurbilen "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu, baliteke mardulak izatea. Ipar-haizea ibiliko da. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira". Asteazkenean ere, "zerua hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu. Eguna aurrera joan ahala atertzera egingo du eta ostarteak zabalduko dira. Ipar-haizea, arratsaldean ipar-ekialdekoa nagusi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira". Hobekuntza espero da ostegunerako. "Hodeiak eta ostarteak. Ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian aurkituko duzue.