Urriaren 13tik 15era

Baterajotzearen egitarauko xehetasun gehiago aurreratu dituzte

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 12a, 11:09

Baterajotzea aurkezteko uztailaren 14an egin zuten herri mailako ekitaldia.

Euskal Herriko Neska* Gazteek urriaren 13tik 15era Usurbilen iragarri duten topaketa feministari buruzko xehetasun gehiagoren berri eman dute.

Euskal Herriko neska* gazteek "Utopiak lehertzeraino!" aldarripean, urriaren 13tik 15era Usurbilen egingo duten Baterajotzea ekimenari lotutako xehetasun gehiagoren berri ematen segitzen dute. 

Hiru eguneko hitzordu honi lotutako harrera ekitaldia izango da, herri kirolak, bertso-afaria, zumba herrikoia ere iragarri dute, marianitada, azoka, manifestazioa, kontzertuak... Hiru mahainguru nagusi antolatu dituzte baita: bat, "Neska* Gazteok Utopiak Lehertzeraino!" izenekoa, "Asteriskoa: subjektuaren inguruko eztabaida" bigarrena, eta, azkenik, "Gu ere Greba Feminista Orokorrera!", mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen egun horri begira.

Hauez gain, soinu teknikari tailerra iragarri dute, baita gaion bueltako saio gehiago ere: "Munstroak hemen dira. Lodifobia suntsitzeko lehen pausoka"; "begirada feminista dekolonialak: nekropolitika, mugak eta proiektu eraldatzaileak"; "Mundu berriak sortzeko, artista feministak oholtzara"; "Komunikazio feminista: egia ez da existitzen, feminismoa bai; (Etxe)bizitzak gure neurrira!"; "Lurraren eta feminismoaren sinergietatik"... Hori guztia "eta askoz gehiago!" antolakuntzak aurreratu duenez. 

Hizlariak
Hitzaldi eta tailer horiei buruzko xehetasunak azken asteotan hasi dira iragartzen hain zuzen. Ahotan hartuko dituzten zenbait gai eta hizlari ere zehaztu ditu dagoeneko antolakuntzak. Batetik, "gorputz lodiak kabitzen ez garen eta kabitu nahi ez dugun subjektu politikotzat hartzea aldarrikatzen dugu". Hizpide honen bueltan Laura Galar eta Itziar Reguero (Ezin Kabitu) Baterajotzean izango dira, "estrategia lodiak artikulatzeko". 

Bestetik, "borroka ekologistaren eta feminismoaren sinergietatik eraldaketa gauzatzeko", Mirene Begiristain Zubillaga gonbidatu dute hiru eguneko Usurbilgo ekimenera. "Agroekologiatik eta feminismotik ikasi dugu militantzia ereduak errebisatuz eta egunerokoan elikadura erdigunera ekarriz egin leikela jauzia; ez ordezkatze logika batetik, eraldaketatik baizik".

Baterajotzean ahotan hartuko dituzten gai gehiago. "Feminismo dekolonialaren eraldaketa gaitasunaz aritzeko, Pastora Filigrana Garcia" gonbidatu dute. "Feminismo dekolonialak erreferente propioetatik eraikitzen ditu bere praktika emantzipatzaileak" eta, gogorarazi dutenez.

"Komunikazioa feminista ez bada, patriarkala delako, Estitxu Garai Baterajotzean!" izango dela ere gaineratu dute. "Asko dira iritzi-foro edo tertulia ezberdinetan hasi eta gutxi irauten duten emakumeak. Gizonak hor daude, emakumeak bertatik igarotzen dira".

Borroka feministetako bat, "etxebizitzaren eta okupazioaren aldeko borroka" izateagatik, Maider Arregi eta Nerea Valdes (Infernua Bizirik) izango dira Baterajotzeko parte hartzaileen artean.

Musikariei dagokienean, Ziztada eta Olatz Salvador udalerri honetan izango ditugula berri eman dute baita.


"Zu eta ni utopiak lehertzera gatoz!"
Urriaren 13tik 15era Euskal Herriko neska* gazteen topaleku feminista izango da udalerri hau, mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen zaintza greba orokorraren aurretik. Ekimena udaberrian aurkeztu zuten Mikel Laboa plazan, uztailean herri mailako aurkezpena ere egin zuten.

Parte hartzeko izen-ematea zabalik dago ehkoneskagazteak.eus atarian. "Baterajotzea Euskal Herriko neska* gazteon elkargune eta eztabaidarako espazioa da, elkarrekin Euskal Herria feminista irudikatzeko eta eraikitzeko tokia, saretu eta antolatzeko aukerak eskaintzen dituena. Aurten, "utopiak lehertzeraino" lemapean, Usurbilen elkartuko gara urriaren 13tik 15era bitarte".


Abestia
Gizarte progresista askoren hitzetan,
librea, morala eta perfektua.
Bizitza osoa lanean
nire ama goraino hilabete amaieran.

Egia esan bidea ez da erraza izan
emakume migrante eta arrazializatua.
Non da aukera berrien Estatua?
Esplotatu zaintza lana aitortzen ez duena.

Sutara zuen zalantza.
Sutara gu kaiolatzen saiatu direnak.
Bidea garaipeneraino
zu ta ni utopiak lehertzera gatoz! (Bis)

Erre dezagun preso hartzen gaituen sistema.
Oihukatu isilarazten gaituztenen aurrean,
borrokatu herria defendatzeko,
iraultza gure arma oraina aldatzeko

Sistema ustel heteropatriarkala
kontrolpean jartzen gaituen eredu irreala.
Neska* gazte atera zara kalera
eta argi izpi berri bat atera da ilunpean.

Tik-tak dabiltza erlojuaren orratza,
iraultzarako bidean ezinbestekoa zara.
Sortu dezagun gure alternatiba propioa,
gatazkaren aurrean ekintza zuzena.

Sutara zuen zalantza.
Sutara gu kaiolatzen saiatu direnak.
Bidea garaipeneraino
zu ta ni utopiak lehertzera gatoz! (Bis)

Iraultza feminista izango da:
beltza, lodi eta bolleroa.
Gune segurua sortzeko bidean
elkar zaindu gaitezen distopia honetan

Kaleak hartzeko unea iritsi da.
Emakumeak* dantzan perreo feminista.
Bidean daudenen lekukoak gara
neska*gazteok gatoz eztanda egitera

Perras, hermanas nos vamos a juntar.
Hona hemen pikete konbatiboa,
machete en boca al fucking machista,
erasoen aurrean autodefentsa feminista.

Sutara zuen zalantza.
Sutara gu kaiolatzen saiatu direnak.
Bidea garaipeneraino
zu ta ni utopiak lehertzera gatoz! (Bis)

Kredituak
Abestia: Aka Boni eta Julu.
Produkzioa: JLM Beats.
Edizioa: EHN*G.