Nerea Ibarzabal 'Bar Gloria' nobelaz arituko da Sutegin

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 13a, 09:57

Urriaren 17an literatur solasaldi berri bat egingo dute Sutegi udal liburutegian. Honakoan, Nerea Ibarzabal Salegiren Bar Gloria (Susa, 2022) nobela hartuko dute hizpide.

Aste honetan ohiko ordutegira itzuli da Sutegi udal liburutegia (larunbatetan izan ezik, urritik aurrera zabalduko dute asteko seigarren egun horretan), astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez irekitzera alegia.

Uda garaia igarota, urtean zehar izaten duten dinamika aberatsari ekitea erabaki dute. 2023-24 ikasturte berriko lehen solasaldia iragarri dute, urriaren 17rako. Astearte horretan 19:00etan, Nerea Ibarzabal Salegiren "Bar Gloria" liburua aztertuko dute solasaldi bidez, egilearekin berarekin. "Jada abian da berriro gure ekitaldi sorta! Eta ondo hasteko, urriaren erdi aldera Nerea Ibarzabal Salegirekin "Bar Gloria" eleberriaren inguruko solasaldia partekatuko dugu". Ohi bezala, Sutegitik ohartarazi dutenez, "liburua eskuragarri" duzue dagoeneko, aurrez irakurri nahi izanez gero. "Zatoz Sutegi liburutegira eta eskaiguzu ale bat", egin dute gonbita.

"Mundu bat kabitzen da"
Hementxe liburuari buruzko aurrerapena. "Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin. Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso. Iragan hurbil baten hitzezko filmatze bat dakar Nerea Ibarzabal Salegiren estreinako nobelak".

"80 amandre"
Egunotan, bestalde, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak datozen hilabeteotarako zerbitzuen eskaintzaren berri eman du; tartean, besteak beste, azarorako bi ekintza. Haietako bat, Sutegi udal liburutegiarekin lankidetzan egingo dutena azaroaren 28an, 18:00etan hain zuzen. Dorleta Kortazar Alkozen “80 amandre” aztertuko dute Sutegi udal liburutegian. 

Informazio gehiago bideotatik:
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00-13:00 / 16:00-19:30. Larunbatetan urrira arte itxita izango da.
biblioteka@usurbil.eus
943 360 693
Irazu, 14
688 625 477 (whatsapp zerbitzua).