Hezkuntzak euskara gehiago behar duela eskatzeko sinadura bilketa

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 13a, 10:57

Argazkia: Kontseilua.

Hezkuntzak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa abiarazi dute. Herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin diete sustatzaileek.

Hiru dira sinadura bilketa honen bidez egin nahi dizkieten eskaerak Eusko Legebiltzarreko kideei: euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa; euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma; eta, azkenik, hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Deialdian 16 urtetik gorako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek parte hartu ahalko dute. Urriaren 15era arte sinatu ahalko da euskaragehiago.eus atarian sartuta. Kanpaina Euskalgintzaren Kontseiluak sustaturikoa da, Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Hik Hasi eta HEIZE hezkuntza-eragileek eta STEILAS, LAB eta ELA sindikatuekin batera.

Ekimen hau abiarazi aurretik, iazko Euskararen Egunean "Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz" izeneko adierazpena aurkeztu zuten hezkuntza, euskara eta kultur arloko 211 aditu, sortzaile eta profesionalen atxikimenduekin. Orain, sinadura bilketa honen bidez egin nahi diren EAEko Hezkuntza Lege berriak jaso beharreko hiru eskaerak bildu zituen adierazpen hark.



ADIERAZPENA
Hezkuntzak euskara gehiago behar du
Euskara da gure herriko berezko hizkuntza. Horrexegatik, herritar guztiek dute euskara ezagutzeko eskubidea, eta, ondorioz, hezkuntza-sistemaren ardura ere bada ikasle guztiek euskara-maila egokia erdiestea derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, edozein izanik ere bizitokia, egoera sozioekonomikoa, jatorria, ingurune soziolinguistikoa... Ikasleen eskubideak bermatzeko betebeharra dute botere publikoek, eta horrek esan nahi du araudiak argi eta zehatz jaso behar duela ikasle guztiei euskararen ezagutza bermatzeko zein bide eskainiko zaien.

Izan ere, euskara hizkuntza gutxitua da bere herrian, eta errealitate hori ezin ezkuta daiteke. Azken hamarkadotan urratsak egin dira, baina oraindik ere egoera gutxituan jarraitzen du, eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa. Horregatik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza- eredutik abiatu behar da etorkizuneko arautegia; alegia, euskara ikas- eta irakas- hizkuntza duen eredutik. Beraz, euskarak behar du izan hezkuntza-sistemako hizkuntza normalizatua. Euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta hizkuntza-proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak ezarri beharko ditu legeak berak. Betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria.

Eta, noski ez dago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. Kultura ere eskubidea da, eta kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte-kohesiorako elementua baita. Halaber, transmisioak bi lan-ildo sinkronizatu behar ditu: alde batetik, euskarazko kulturgintzaren historia eta orainaren ezagutza, eta beste alde batetik, euskaraz sortzeko grina transmititzea askotariko kultur adierazpideetako ereduak jasota eta praktikatuta.

Bestalde, ez da ahaztu behar euskal kulturgintza ekosistema bat dela, hainbat eragilek osatzen dutena (sortzaileak, hedabideak, hezkuntza-komunitatea...), eta ekosistema hori osasuntsu egon dadin, eragile horiek guztiek elkar elikatu behar dutela. Hortaz, hezkuntza legeak dagozkion bi eremu hauetan bermatu behar ditu euskalduntzea eta kulturaren transmisioa: hezkuntza arautuan eta ez-arautuan.

Gainera, beharrezkoa da euskara errealitate kultural bati lotzen zaiola jasotzea, zazpi lurraldetan zabaltzen den errealitatea. Munduaren ikuskera gure gertuko errealitatetik abiatuta etorri behar da, euskararen herriaren errealitatetik.

Horrexegatik guztiagatik, ezinbestekoa da hezkuntza-lege berriak honako hiru puntuak berariaz jasotzea:
1/ Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
2/ Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
3/ Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.


Informazio gehiago, euskaragehiago.eus atarian.