Zumetaren muralak 50 urte

"Muralarekin bat egingo duen jaialdia izango da"

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 15a, 12:06

50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralarekin harremana estutzeko aukera izango da herri eragile anitzek irailaren 22 eta 23rako antolatu dituzten ekimenen bidez. 'Xumetik' jaialdia iragarri dute, herritik herriarentzat.

Zein da herri jaialdi honen abiapuntua? 
Ines Azpiazu: Zumetaren muralaren 50. urtemugaren baitan, hainbat ekimen programatuak zeuden urte hasieratik: hormaren sendatze lanak eta haiek erakusteko bertara egindako bisita gidatuak, muralaren sortze prozesuari buruzko erakusketa, 'Usurbil Museo Irekia' bisita gidatuetan ere azpimarra berezia egin zaio muralari... Programazio horretan herriko baliabideekin jaialdi bat sortzea Usurbilgo Kulturgunearekin. 
Agurne Alkorta: Ez da '650 Usurbil Bizi' egitasmoarekin elkarlanean egiten dugun lehen ekimena. Hartueman horretatik sortu zen jaialdiaren ardura Kulturguneak erabat bere gain hartu izana. Dena libre utzi zaigu, aukeraketa erabat gurea izan da. Urtarriletik lanean aritu gara gogotsu, badator eguna.

Kulturgunea aipatzean, herri auzolanaz ari gara.
A.A.: Behar batzuk identifikatu eta horiei elkartatuta aurre egiteko sortu zen Kulturgunea. Une honetan, lan-ildo gehiago baditugu ere, 'Xumetik' antolatzen zentratuak gaude. 

Ekimen ezin egokiagoa Kulturgunearen filosofia kontuan hartuta.
A.A.: Lan asko dugu, baina pozik ari gara. Hain pozik egongo ez bagina, ez genukeen halako gauza handirik egingo. Jaialdi oso berezia izango da, herritik herriarentzat eskainiko dena.
Jon Mikel Azpiazu: Usurbilgo Udalarentzako Kulturgunea bezalako talde indartsu bat egotea gauza handia da. Bidelagun bezala lan egingo dugu jaialdi honetan eta aurrerantzean.  

Omendua eta jaialdiaren beraren izaera irudikatu nahi izan duzue izenarekin?
A.A.: 'Xumetik' partaide batek proposatu zuen bilera batean, zuzenean jada izenburu bilakatu zena. Guretzako beti Usurbilen Xumeta izango da. Bestetik, jaialdia xumea izango da. Goxotasunetik, oso hurbiletik, herritik sortutakoa. Bera ere halakoxea zen. Horregatik, ez zaio Zumetari edo muralari halako lore eskaintza edo goraipamenik egingo. Beste bide bat hautatu dugu, denok erosoago egon gaitezkeena. Xumeagoa den zerbait egitea nahi genuen, gureagoa dena. Ea asmatu dugun. 

Ez du erraza izan behar halako artista baten mailako herri jaialdi bat prestatzea. Erraza egin al da sorkuntza lana? Gustura geratu zarete emaitzarekin?
A.A.: Ez da erraza izan, ardura handia sentitu genuen hasieratik. Gu ere horren inguruan informatzen saiatu gara. Usoa Zumetarekin bere estudioan egon ginen. Lehenengo ideia batzuk proposatu genizkion bere iritzia jasotzeko, berak bueltan beste ideia batzuk proposatu zizkigun. Pixkanaka eraikitzen joan gara herri jaialdia. Bilera asko egin ditugu Usurbilgo Udalarekin eta '650 Usurbil Bizi' egitasmokoekin. Denbora guztian partekatu dugu haiekin gure bide honetan zer ideia genituen. Egia esan, erraza izan dela sentitu dugu, denbora guztian babesa sentitu dugulako. Ideia bat eta beste, azkenean, egun nahiko borobila eta orekatua geratu zaigu. Eragile desberdinak egote horrek ikuspuntu oso desberdinak izatea eragin du. Egia esan, ez dakit jabetzen garen zenbat eragile desberdin ditugun herrian, halako egun oso bat gai garelako geuk bakarrik antolatzeko. Horregatik, zehaztu genuen ekimen hau herri jaialdia izango zela. 

Zer nahi duzue jasotzea herriak jaialdi honetan?
I. A: Arte diziplina ezberdinak bizitzeko aukera izango da. Laburmetraia ikusteko aukera izango da, tailerretan jendeak ahalko du bere esku propioekin sortu, bisita gidatuan ere ahalko da ikasi herrian dagoen arte garaikideari buruz eta gaueko emanaldia ikusi eta entzuteko tartea izango da.
A.A.: Usurbilen ez dut uste inoiz halako ezer kalean ikusi denik. Artea kalean dugu baina agian behar duen balioa ez diogu eman, horretara goaz.
J.M.A.: Bizirik eta gertutik sentitzeko ekimena izango da. Ekintza asko dira jasotzekoak baina baita ere parte hartzekoak, eta oso jaialdi bizia, gertukoa, parte hartzailea eta anitza izango da. Sekulakoa izango da.
 
Sekula ikusi gabekoa?
J.M.A.: Egin ditugu ekimen bereziak Usurbilen baina jaialdi hau iruditzen zait dela berezia, diziplina ezberdinak nahasten dituena. Nabari da denbora luzez prestatzen doan zerbait izan dela. 
A. A.: Argi zegoen hitz bat egon behar zuela gaueko jaialdi horretan eta zen abangoardia. Zumetak murala egin zuenean hori zen erabat, abangoardia eta guk nola izan behar genuen abangoardia 2023an, horixe islatu nahi genuen. Ez genuen berarekin lehiatu nahi, ezinezkoa da, baina bai nahi genuen geure burua horretan jarri eta ea hori lortzen dugun gau horretan. Jaialdi egunerako murala behar dugu. Euria egingo balu, emanaldi lekuan bertan izan behar duenez, atzeratu egingo da eguna, ez da tokiz aldatuko. Bide batez, eskerrik asko handi bat hau dena gauzatzen lagundu duten guztiei.

Islatu nahi dena emanaldiaren atzean egongo den muralarekin nolabaiteko elkarrizketa bat?
J.M.A.: Murala bizirik jartzeko.
A.A.: Muralarekin bat egingo duen jaialdia izango da.

Bisita gidatua izango du herri jaialdiak, ezohikoa.
I.A.: Denboraz luzatuko gara, "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuek izaten dituzten geldialdiak aldatu egingo direlako, geltoki bitxiagoak egongo direlako. Girotua izango da. Asmoa arte garaikideak herri honetako kaleetan duen garrantzia azaltzea da, muralari buruz pixka bat gehiago ikastea, modu entretenigarri batean.

Hori gutxi ez eta, bezperan laburmetraiaren estreinaldia egingo da.
A.A.: Zubietan grabatu zen eta bertan estreinatuko da. Herriko jendeak ere parte hartu du. Guk ez dugu ikusi emaitza, guretzako ere sorpresa izango da.
J.M.A.: Errebote plazan aurkeztuko da. Zubietako Herri Batzarrarekin bidelagun bezala ibili gara. Asko erraztu dute prozesua.
I.A.: Oskar Alegriak muralari egiten dion pieza bat da. Zinematik nola ulertu duen berak murala.