650 Usurbil Bizi

"Usurbil Museo Irekia" ibilaldi gidatu bakarra asteburuan

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 15a, 08:58

Usurbilgo kaleetako altxorrak ezagutzeko bisita gidatu bakarra antolatu da asteburu honetarako, larunbaterako hain zuzen. Baxurde Krosa tarteko, igandean ez da halako hitzordurik izango.

Asteburu berri baten atarian, Usurbilgo kaleetako sorkuntza lanak ezagutzeko aukera aparta berriz ere, larunbat eta igande eguerdiro egiten duten moduan. Oraingoan, ordea, aukera bakarra izango da; larunbaterako baino ez dute antolatu "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua. Biharamunean, irailaren 17an ospatuko den 14. Baxurde Krosa tarteko, igandean ez da ekimen hau izango.

Astebete barru ere aldaketak izango dira. Iraileko azken igandean, hilaren 24an bai, ohiko moduan antolatu dute hitzordu hau. Bezperakoa, irailaren 23koa, aldiz, berezia izango da. Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugari lotuta, "Xumetik" herri jaialdia antolatu dute. Egun horretan, eguerdian izan ordez, arratsalderako iragarri dute "Usurbil Museo Irekia" ekimena, formatu berezian, ibilaldi girotua izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Kaleetako artelanetan barrena bidaia
50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren murala, Udarregi bertsolariaren omeneko eskultura, Dema plaza, Askatasuna plazako Karlos Zabalaren sortze lanak... Eta altxor gehiago dituzte Usurbilgo kaleek. Egunerokoan begibistan ditugun sortze lanok sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen digu "Usurbil Museo Irekia" asteburuetako bisita gidatuen ekimenak.

Hitzorduotan izena aurrez eman beharko da 650usurbilbizi.eus atarian. Gehienez, hamalau bisitariko taldeak osatuko dira. 

"Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain.  Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".