Bero egingo du asteburuan Santueneko festetan edota iganderako Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak antolatu duen 14. Baxurde Krosean. Larunbat eta igande osoan zehar, abisu horian izango gara "tenperatura altu iraunkorragatik". Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, larunbatean "tenperatura minimo/maximoak kostaldean 20/29 ºC ingurukoak izan daitezke. Bestalde, Kantauri barnealdean 19/30 ºC ingurukoak". Etzi, hilaren 17an, "tenperatura minimo/maximoak kostaldean 21/30 ºC ingurukoak izan daitezke. Bestalde, Kantauri barnealdean 19/31 ºC ingurukoak".
Aurrez, ostiral honetan, abisu horian izango gara arratsaldeko 15:00etan hasi eta gauerdira arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta baliteke zenbait tokitan handiak izatea eta txingorra botatzea (1-2 cm). Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (60-80 km/h ingurukoak)", jakinarazi du Euskalmet-ek.
Giro honekin, beraz, gaur, hilak 15, Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira". Bihar, hilak 16, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da". Etzi, igandean, "hodeiak eta ostarteak. Brisa ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi igoko dira".
Informazio eguneratuaren berri, euskalmet.eus atarian.