Prezipitazio handiagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 16a, 08:11

Ekaitza leher daiteke datozen orduotan. Abisu horia ezarri dute prezipitazio handiagatik.

Larunbat arratsaldean Bizkaiko zenbait udalerrietan eragindako uholde txikien ostean, abisu horia aktibatu du Euskalmet meteorologia agentziak igande honetarako, irailaren 17rako prezipitazio handiagatik, 14:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta baliteke zenbait tokitan handiak izatea eta txingorra botatzea (1-3 cm), bereziki ekialdean. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (60-80 km/h ingurukoak)", ohartarazi dute Euskalmet-etik.

Gaur, beraz, "zeruan erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango ditugu, ostarteak ere bai. Egunaren bigarren partean bero-hodeiak garatuko dira eta zaparradak eta trumoi-ekaitzak bota ditzake. Ekaitz guneetan, zaparrada handiez gain, txingorra bota dezake eta haize-bolada oso gogorrak izan daitezke. Hegoaldeko haizea harro ibiliko da eta tenperatura ia ez da aldatuko".

Astelehenean, "goiz eguzkitsua espero dugu, oro har, eta arratsalderako aldaketa. Tenperatura gradu pare bat jaitsiko da eta maximoak 23-25 ºC-ren bueltan geratuko dira. Haizea zakar ibiliko da, hego-mendebaldekoa egunaren lehen zatian, eta eguerdi aldera mendebal/ipar-mendebaldera egingo du. Goizean ostarteak irekiko dira, eta arratsaldean, berriz, lainotuago egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu han-hemenka, batez ere ipar partean". Etzi, irailaren 19an, "egun lasaia, eguzkitsua leku askotan. Egunsentian lanbroa eta behe-lainoa sortuko dira, eta gainerako orduetan hodei gutxi izango da zeruan, Kantauri isurialdean izan ezik, han tarteka hodeitsu egongo da behe-hodeiekin. Aldaketa gutxi tenperatura maximoetan; minimoak, ordea, jaitsi egingo dira pixka bat. Haizea aldakor eta ahul ibiliko da eta eguerdi inguruan brisa sartuko du".

Informazio eguneratuaren berri euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.