Aurreko urteen ildotik, aurten ere Beterri Buruntza osatzen duten sei udalerrietako enplegu planaren baitan, udal brigadetan lan anitzetarako operario gisa jarduteko enplegu eta formazio programa abiarazi dute. Egitasmoa langabetuei zuzendua dago, haien lan munduratzea sustatu nahi du. Usurbilen, lanaldi osoko lau lanpostu eskainiko ditu Udalak, haietatik bi emakumeei zuzenduak egongo dira. Bost hilabeterako egingo dira kontratazio hauek; abendutik datorren urteko maiatzara arte.
Programa hau bitan dago zatitua. "Batetik, EAGI Gipuzkoako Eraikuntzako Lanbide Eskolak prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiko du, Usurbilen, urriaren 20an hasi eta abendura arte. Bestetik, prestakuntza gainditzen dutenek udal brigadetan lan egiteko aukera izango dute, abendutik maiatzera arte", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.
Izen-ematea irekitzear
Deialdi hau, Usurbilen bizi diren pertsona langabetuei zuzendua dago aipatu moduan. Hiru baldintza hauek bete behar dituzte interesdunek. "Lanbiden lan eskatzaile gisa izena emanda egotea, Usurbilen erroldatuta egotea eta 2022an programa honen edo gazte enpleguko programaren onuradun ez izatea".
Egunotan irekitzekoa dute izen-emateko epea. Programa hau diruz laguntzen duen Lanbidek kudeatuko du matrikulazioa. Informazio gehiago, Usurbilgo Udaleko enplegu sailean eskura daiteke, baita bideotatik ere: 943 371 951 / enplegu@usurbil.eus