Aisialdiko eta euskarako udal dirulaguntzen behin betiko ebazpenak

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 20a, 08:20

Eskualdeko euskaltegietako ordezkariak, matrikulazio kanpainarako ateratako argazkian.

Usurbilgo Udalak iazko ikasturtean zehar aisialdiko begirale nahiz zuzendari gisa lan egiteko ikastaroren bat egin edota euskara ikasten aritu zirenei zuzenduriko ebazpen bana kaleratu du asteazken honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Dirulaguntzei lotutako beste ebazpen bat kaleratu du Usurbilgo Udalak, asteazken honetako, irailaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Oraingo hau, aurreko 2022-23 ikasturtean euskara ikasten aritu zirenei nahiz aisialdiko begirale edota zuzendari gisa jarduteko ikastaroren bat egin dutenei zuzendua dago eta behin betikoa da. 

Guztira, 1.730 euro banatuko dituzte aisialdiko udal dirulaguntzen bidez, 24.473,35 euro euskarako laguntzen bidez. Irmoa da ebazpen hau, behin-behinekoa uztailaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten, astebete lehenago Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak ebazpen horixe bera onartu ostean. Gerora zabaldutako hamar eguneko epean inork ez zuen alegaziorik aurkeztu dirulaguntza lerro hauei lotutako erabaki horiei. Hala, irailaren 12ko Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko ebazpena onartu zuen.

Euskara doan ikasteko aukera
Interesdunek hasi zuten gaur ezagutu den erabakirainoko bidea. Ekainaren 19tik uztailaren 7ra, ikastaro hauek guztiak egin zituzten herrikideek deialdiotan eskabideak egiteko aukera izan zuten. Hamar eskabide egin zituzten aisialdiko dirulaguntzen lerroan, 50 euskarakoan.  

Gogoan izan, Usurbilen euskara doan ikasteko aukera dagoela. Izan ere, matrikula kostuaren %100a bere gain hartzen du Udalak, 600 euroko mugarekin, besteak beste, Usurbilen erroldatua egon edota gutxienez, klaseen %80ko asistentzia egiaztatzen dutenen artean. Aisialdiko dirulaguntzen kasuan, matrikularen %50a jasoko dute dirulaguntza moduan, gehienez 250 euro.

Dirulaguntza hauen ebazpenak kaleratuta, oraindik zenbait lerroetarako eskabideak aurkezteko aukera duzue.


Aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak euskaraz egin dituztenentzako dirulaguntzak
Aurkezturiko eskaerak: 10.
Onarturiko eskaerak: 10.
Banatutako dirulaguntzak guztira: 1.730 euro.
Informazio gehiago: irailaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Euskara ikastaroak egin dituztenentzako dirulaguntzak
Aurkezturiko eskaerak: 50 eskaera 51 ikastaroetarako.
Onarturiko eskaerak: 50 eskaera.
Banatutako dirulaguntza guztira: 24.473,35 euro.
Informazio gehiago: irailaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.



Eska daitezkeen udal dirulaguntzak
Norgehiagoka erregimenekoak ez diren Kirol Arloko dirulaguntzak eskatzeko deialdia
Lagunduko diren egitasmoak: laguntza bereziak (5.400 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro), eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko diru laguntzak (5.000 euro).
Epea: abenduak 1.

Ekintzaileentzako Kabiene Elkartean lankidetza-esparrua erabiltzeko Hasiz Hazi bekaren oinarriak
Laguntzaren zenbatekoa: dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.234,20 €koa izango da, beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen. 
Epea: irailak 30.

Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duten ekintzaileentzako dirulaguntzen oinarriak eta 2023ko deialdia
Laguntzaren zenbatekoa: ekimenak abiarazteko hasierako gastuei aurre egiteko gehienez 5.500 euro. Lokalaren alokairu edo erosketa gastuetarako, lehen urtean gehienez 400 euro hilean, bigarrenean 300 euro gehienez jota.
Lagunduko diren egitasmoak: egun eskaintzen ez diren zerbitzuekin lotutakoak edota ixtear izan edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipena bermatzen dutenak lehenetsiko dira.
Epea: irailak 30.

Informazio gehiago: otsailaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.