Herriko kaleetan ditugun artista ezagunen sortze lanetan barrena bidaiatzeko aukera izango dugu asteburu moduan, larunbat eta igande honetan, irailaren 23an eta 24an hurrenez hurren. Hitzorduotako bat, ordea, berezia izango da; ezohikoa eta girotua, larunbatekoa hain zuzen. Hilaren 23an, Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko horma-irudiarekin hartueman zuzenean jarriko gaituen Xumetik herri jaialdi betean murgilduko da herria. 50 urte bete dituen murala, astebururo 650 Usurbil Bizi egitasmoak sustariko "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuko geltokietako bat izaten da.
Beraz, nola ez, hitzordu hau Xumetik zikloan txertatu du antolaketa lanetan jardun duen Usurbilgo Kulturguneak. Ohi bezala, eguerdian izan ordez, oraingoan bazkalostera atzeratu dute, larunbat arratsaldeko 18:00etara. Aipatu moduan, ordu aldaketa ez da izango bisita gidatu honek izango duen berezitasun bakarra. Girotua izango da, herrikideen eskutik.
Irune Etxabe trikitilaria eta Maddi Aburruza panderojolea izango dute bidelagun edonorentzako irekia izango den bisita gidatu honek. Bidean zehar, Zumarte Abesbatzaren, Kimu Txalaparta taldearen eta Ximona ta Doloxen saioaz gozatu ahalko dugu. Kasu honetan, ez da aldez aurretik izena eman beharko.
Igandean ohiko bisita
Xumetik herri jaialdiaren biharamunean bai, ohiko "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuaz gozatu ahal izango da. 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren murala, Sagardo plaza, Udarregi bertsolariaren omeneko eskultura, Dema plaza, Askatasuna plazako Karlos Zabalaren sortze lanak... Eta altxor gehiago dituzte Usurbilgo kaleek. Egunerokoan begibistan ditugun sortze lanok sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen digu "Usurbil Museo Irekia" asteburuetako bisita gidatuen ekimenak.
Hitzorduotan izena aurrez eman beharko da 650usurbilbizi.eus atarian. Gehienez, hamalau bisitariko taldeak osatuko dira.
"Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain. Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".