Komiki literarioa izango du Usurbilek, Mattinek ondutakoa

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 21a, 09:27

Usurbil kide duen Udalbiltzak euskarazko sorkuntza sustatzeko abiarazitako 'Geuretik Sortuak' egitasmoaren bigarren edizioaren baitan, uztailean egonaldia egin zuen Iñaki Martiarena 'Mattin'-ek. Usurbilen giroturiko komiki literarioa landu du. Bere esperientzia partekatu du NOAUA!rekin, baita egitasmo honen sustatzaile den Udalbiltzarekin ere.

Zer moduzko esperientzia izan da?
Lan baldintza egoki eta duin hauei esker, sorkuntzak dakarren ezinegon, ahalegin, ardura, neke eta zailtasuna arindu egin du.

Ahalegin hau ikusgarriago egiten lagundu dizu proiektu honek?
Egon badago interes bat jakiteko prozesua zein den. Geuretik Sortuak egitasmoak nolabait erakusten du baldintza egokietan, euskaraz ahal dela produktu duin bat egin. Neure kasuan behintzat intuizioz egiten dut lan batipat. Proiektu honetan nire ohiko grafikatik ere atera naiz eta kolorearekin lan handia egin dut, jada zailena egin dut. Beti dago tentsioa sortzeko hasieran. Hiru oin ditu mahai honek: ondarea, bizipenak eta nire oroitzapenak. Izan ere, egonaldia Usurbilen egin behar nuenean oroitzapenak errioa bezala etorri ziren. Usurbilen egon naizenean informazio bisuala, ondarearena jasotzen aritu naiz, herritarrekin ere izan dut egoteko aukera.

Inspirazio iturri emankorra izan da herri hau?
Bai. Artista handiak daude herri honetan eta apaltasunetik nire ekarpena egiten saiatu naiz, zerbait berria egiten. Proiektuak 20 orrialde baino gehixeago ditu, komiki literarioa da. Nirea zubi lana da. Zubiaren alde batean sortzailea eta bestaldean irakurlea legoke, eta erdian errioa, komikia. Literarioa izanik, hor lekua egiten diozu poesiari, hitz jokoari, umoreari. Bigarrenez parte hartu duzu Geuretik Sortuak-en. Oraingoan, komiki lanak aurkeztu zitezkeen.

Aurrekoan ordea ez zen halako modalitaterik.
Lehenengoan komikiak aurkezteko deialdirik ez zuten egin, baina nire burua aurkeztu nuen, ahalduntze lan bat izan zen. Antolatzaileak horretaz jabetu eta testu hutsez sortutako lanen artean sartu zuten. Araitz, Betelu eta Larraunen egin nuen egonaldia. Bigarren edizio honetan, komikiari lekua eskaintzea erabaki dute.

Ikusgarritasun falta badu komikigintzak?
Bai, dudarik gabe. Duela bi urte hain zuzen horretan jarri nuen indarra. Beti diot, komikia paperezko zinema dela. Jakina, aurreiritziak egon badaude oraindik, baina bitxia da, zeren eta komikiak jasotzen du bere baitan hitza eta irudia, zubi bat da. Irudiarekin eta euskararekin lan egiten dut. Neure kasuan, hau da ikaragarrizko eta beharrezko plaza. Komikiak ez badu plazik, ez du aurrera egingo.

Eginaldiok zer arrasto izan dute zure ibilbidean?
Halako lehenengo esperientzia Hendaiako Nekatuenean izan nuen 2018an, Euskal Kultur Erakundearen eskutik. Geuretik Sortuak egitasmoaren kasuan, Usurbilgoa bigarren eginaldia izan da. Aurreko esperientziatik oinarri bat dago. Beti ardurak itotzen nau. Usurbilek duen itzalak eta nortasunak errespetua eman dit, baina hori gainditu eta bigarren esperientzia izateak lagundu nau, esaterako, kostata baina jasotako informazioa laburtzen eta sortze lana epe barruan bukatzen.

Labetik ateratzear izango duzu lan berri hau.
Maitasunetik egin dudan lana da hau. Eskerrak eman nahi dizkiot Udalbiltzari eta Udalari, lan baldintza egoki hauengatik. Usurbil islatua geratuko da sortze lan honetan.