Hau ez da izango zure lehenengo ikasturtea. Noiz hasi zinen euskaltegian?
Duela bi urte, C1 titulazioa behar dudalako eskolan lan egin nahi badut, eta bestalde, nire semeak euskaraz ikasten ari direnez, haiek laguntzeko hasi nintzen euskaltegian. Nahiz eta euskaraz ondo hitz egin eta ulertu, hamabi urte pasa nituen Malagan eta nire euskara maila galdu egin nuela sentitzen dut. Horregatik, semeei laguntzeko beharra dut, gustura bizi nahi dut eta ondo hitz egiten ikasi behar dut. Hemen bizi gara eta niretzat oso garrantzitsua da bertako hizkuntza barneratua izatea. Horregatik, nire helburua euskaraz ondo hitz egitea da. Behar dudana eroso sentitzea da, eta, hemen, familia euskaldun batean jaioa izan banintz bezala sentitzea.
Garrantzitsua da segurtasun hori izatea ezta?
“Zuk euskaraz hitz egiten duzu eta” esaten didate. Euskaraz ikasi nuen ikastolan. COU amaitzean EGA eskuratzeko aukera izan genuen, baina ez zitzaidan beharrezkoa iruditu. Eskuratu izan banu ere, egun ez nuen izango besteek duten erraztasun hori. Euskaraz hitz egiten dakit baina euskaraz eroso aritzea falta zait eta hori lortu arte jarraituko dut euskaltegian.
Kanpoan bizi zinenean ere ez zenuen euskararekiko hartuemana eten?
Hona etortzen nintzen bakoitzean hemendik euskarazko aldizkariak eta liburuak eramaten nituen. Niretzat euskara hizkuntza berezia da. Oso gustuko dut. Kanpora joaten naizenean ikusten dut, izan ere, askotan nire buruarekin euskaraz hitz egiten dut, suposatzen dut euskara maite dudalako dela.
Autoikaskuntza edo klase presentzialak, zer duzu nahiago?
Autoikaskuntzan zeure ordutegia moldatzen duzu, niretzat oso egokia zen. Baina klase presentzialak faltan sentitzen nituen, besteekin batera ikasteko. Probatu nuenean jabetu nintzen; segurtasun maila ematen du taldeak, ze ikusten duzu ez zarela bakarra zalantzak izan edo urduri dagoena.
Euskara ikastea zaila dela diotenei zer esan?
Euskara oso zaila dela diote, baina nire ama hona etorri zenean euskaltegian matrikulatu zen. Beharrezkoa ikasi zuen, guri etxeko lanekin laguntzeko. Txikitan lagungarria izan zen hori euskara maitatzeko.
Zertan lagundu diezaieke euskaltegiak euskara ikasi nahi dutenei?
Denei animatuko nieke euskaltegian matrikulatzera, alde batetik, haurrak badituzu onuragarria delako beraiei laguntzeko. Bestalde, titulazioa behar dutenentzat ere bai. Euskaltegiak irteerak eta ekimen gehiago antolatzen ditu. Tokatu zaizkidan irakasleak, gainera, oso jatorrak dira. Taldean oso ondo pasatzen dut. Ni Aginagan bizi naiz. Usurbildik pasatzen nintzen baina ez nintzen bertan egoten. Orain hasi naiz jendea ezagutzen eta oso gustura nago. Euskaltegian ustekabean nire bizilaguna topatu nuen! Kontuan izan baita; Usurbilgoa izanda doakoa da euskara ikastea, klaseetara joaten bazara. Beraz, herrian bertan, doainik, giro ona... Aukera bada edozein unean zerbait gertatuz gero, ordutegiz aldatzeko, egokitzeko. Ez dago aitzakiarik, beraz, euskara ikasi edo gure euskara maila hobetzeko.