Zergatik matrikulatu zinen euskaltegian?
2019an hasi nintzen. Urte hartan heldu nintzen hona. Kolonbiakoa naiz. Pandemia tarteko, ordea, presentzialki bi urtez aritu naiz eta oso gustura. Irakaslea oso pertsona ona da, talde oso ona izan dut. Zertxobait ulertu nahi nuen euskara, herrian hobeto integratzeko. Oso hizkuntza polita da, oso gustukoa dut.
Nolakoa da hizkuntza berri bat zerotik ikastea?
Lehenik, Youtuben bideoak ikusten eta oinarrizko hitzak apuntatzen hasi nintzen; agurra, zenbakiak... Hitz errazenak. Jada asko ulertzen dut, baina oraindik hitz egitea ez zait ateratzen.
Ulermenean, beraz, nabaritu duzu hobekuntza.
Bai. Aditzengatik ez balitz, oso erraza izango zen. Aditzak zaizkit zailenak, eta hitzekin elkartzea. Oso gustura sentitzen naiz ikasten, oso hizkuntza abegitsua da. Hona iritsi nintzenean, ikertzen hasi nintzen, eta jakin nuen Kolonbian, Bogotan badela euskara ikasteko eskola, han bizi diren euskaldunek beren hizkuntza mantendu nahi dute eta. Hemen bizita konturatu naiz, zuen hizkuntza munduan barrena nahi duzuen lekura daramazuela.
Zer ekarpen egin diezazuke euskarak?
Bertako jendearekin gehiago komunikatzea. Lanean asko lagunduko lidake eta nire hazkunde pertsonalean ere bai. 2025ean euskaraz hitz egiteko gai izatea, euskaraz zer eta nola esan pentsatu gabe, erronka hori jarri diot neure buruari; euskaraz aritzea eta zuek euskaraz erantzun eta nire akatsak zuzentzen laguntzea. Neure ingurua euskalduna da, baita lanean ere. Euskaraz hitz egingo banu erosoagoa izango litzatekeela uste dut. Duela gutxi amaitu dut praktikaldia Eguneko Zentroan. Aiton bati, oinarrizkoena euskaraz adierazten nion, eta ze ondo hitz egiten nuen euskaraz esaten zidan. Hemengoa ez nintzela ikusten zuen eta euskaraz hitz egiteak asko pozten zuen. Horrek ni ere pozten nau. Ahizpak ere bere semea ekarri zuen, nik neureak ekarri nituen garaian, haurrak 11 urte ditu. Ikastolan hasi zen ikasten eta jada euskaraz hitz egiten du. Egia esan, zoriontsua eta pozik sentitzen da norbera, datorren herritik etorri eta aurrera egiten ikusita. Pena ematen dit, nire seme-alabak euskara ikasten ez aritzea, baina laster hasiko direla espero dut. Haiek ni baino ikasteko gaitasun handiagoa duten adinean daude. Beraz, halaxe egitea gustatuko litzaidake.
Erraza egin zaizu bertako eta zeure sorterriko hizkuntzak eta kulturak uztartzea?
Baietz uste dut. Hona iristean zailagoa izango zela pentsatzen nuen. Jendea oso abegitsua da.
Zer esan euskaraz mintzatzen ez dakienari?
Euskaltegian matrikulatu dadila. Harritzen naute hemen jaio eta euskaraz ez dakitenek. Ez dut ulertzen hain polita den hizkuntza galtzen uztea. Haurrak entzuten ditut euskaraz hitz egiten, ni hala noiz egongo naizen hitz egiten pentsatzen dut. Ez itxaron, hemengoa izan edo kanpotik etorri, ez utzi denbora alferrik galtzen euskaraz hitz egin gabe. Ez da erraza baina norbera saiatuta, egunero hitz berri bat ikasiz, edo elkarrizketa txiki batekin, asko lortzen da. Norberaren ongizaterako da.