Kartelaren bidez, zer ikusarazi nahi diguzu?
Garrantzituena Zumetaren beraren esentzia hori irudikatzea zen, azkenean bere artelanaren urteurren jaialdia da. Horregatik, garrantzitsuena bere muralak ia erabateko presentzia izatea zela iruditu zitzaidan. Kartel bat denez, egitaraua garbia izatea nahi nuen, irakurterraza. Egin dudana izan da muralaren beraren interpretazio bat. Paperekoa baino gehiago diseinu digitalekoa naizenez, Zumetaren frontoi atzeko murala digitalizatu nahi nuen.
50 urte bete dituen Zumetaren horma-irudia izan da hain zuzen, zeure diseinu lanaren abiapuntua. Betidanik, zuretzat ezaguna. Urtemuga berezi honek nola inspiratu zaitu?
Txikitatik Xumetaren muralaren aurrean bizi izan gara. Horma-irudi horren aurrean nahiz Mikel Laboa plazan jolasten aritu gara. Nolabaiteko muralaren neure interpretazioa egin nahi nuen. Bere esentzia islatu nahi nuen. Bere artelanaren urtemuga denez, garrantzia handiena berari eman nahi nion. Karteleko ilustrazioan ageri diren mural zatietan baldosa moduko batzuk daude. Azkenean, Zumetaren muralak duen berezitasuna horixe bera da; baldosaz baldosa egindako artelan bat dela. Horregatik, nahi nuen nahiz eta digitala izan, ez izatea irudi planoa, baizik eta baldosaren esentzia hori nolabait beste modu batera islatu nahi nuen.
Dimentsio handi samarra hartu duen herria jaialdia da asteburu honetakoa. Nolabait eragin al du zeure sormen prozesuan?
Honen berri abuztuko bigarren hamabostaldian eman zidaten. Azaldu zidaten egin nahi zela muralaren urteurrenaren harira herri jaialdi bat. Eman zidaten jarraibide bakarra izan zen Zumetaren mural horrekin zerikusia izan behar zuela kartelak. Hortik aurrera, libre utzi zidaten. Zumetaren inguruko jaialdi bat izanda, banekien dimentsio handia hartuko zuela. Kartela diseinatzea eskatu zidatenean, niretzako ohorea izan zen, baina ardura ere sentitu nuen, batetik, Zumeta bezalako artista baten artelan baten inguruko kartela egitea kontu handia delako, eta bestetik, jendeak ere nola ulertu edo jasoko zuen, pixka bat beldur edo kezka hori banuen.
Zeure sortze lana kalean da. Zer nolako balorazioa jaso du?
Udaletxetik lan hau egitea eskatu zidatenak oso gustura daude lanarekin, eta kaletik jendeak ere esan edo idatzi dit whatsapp edo sare sozialetatik jakin dutela nik egin dudala eta asko gustatu zaiela. Gehienek esan didatena izan da oso garbia dela kartela, baina Zumetaren esentzia duela. Niretzat ere oso pozgarria da jendeak hala jaso izana.
Diseinu munduko ikasketetan murgildua zabiltza ezta?
Hau bigarren ikasturtea da, eta aurten bukatuko dut praktikaldiarekin. Diseinu grafikoa, goi mailako ikasketak dira, bi urtekoak. Lehenengo urte honetan klaseak izan ditugu. Goi maila honetan klase teorikoek baino proiektu errealek dute garrantzia handiagoa. Irakasleei gustatzen zaie guk diseinatzea. Horretarako behar da teoriaren zati bat, baina baita ere gero zure ideia horiek islatzea. Aurten, aipatu moduan, bigarren ikasturtea dut. Otsailetik aurrera praktikak egingo ditut eta kito. Gero, prestatzen jarraitzeko asmoa dut. Dagoeneko zenbait lan egin ditut; Enar estetika zentrorako iruditeria, saltoki honen NOAUA! aldizkariko iragarkien diseinua...
Dagoeneko hainbat lan enkargatu dizkizute.
Eskolak ematen dizkigu aukera batzuk baina guk geure kabuz topatzen baditugu lekuotan aritzeko aukera ematen digute. Hor ari naiz gustuko enpresa batean egiteko bilaketa lanetan. Aurtengo praktikaldia non egin guk erabakitzeko aukera izan dugu. Ia zer moduz ateratzen den.
Zer ibilbide egitea nahiko zenuke alor honetan? Egun, irudiaren gizartean bizi gara. Berebiziko garrantzia du. Diseinu grafikoko ikasketak egin dituen pertsona batentzat, oso mundu zabala dirudi.
Diseinu grafikoaren mundua oso zabala da. Horregatik, arlo desberdinetara dedikatu zaitezke: batetik, maketazioa dago edo web orrialdeen diseinua. Hor ari naiz oraindik nire bidea nondik jorratu ikasten edo ikusten.
Sortzeko, marrazteko edo digitalki ilustratzeko zaletasuna betidanikoa duzu ala gerora deskubritutakoa?
Betidanik gustuko izan dut klasean aurkezpenak egiten genituenean Powerpoint-eko proiekzioak apaintzea. Halere, batxilergo zientifikoa egin nuen. Gero, ixa izpien teknikari izateko goi mailako ikasketak egin nituen. Prestakuntza honen bidez, erradiografiak nahiz erresonantziak egiteko trebatzen zara, ospitalean morez janzten diren langileak izateko. Ikasketa horiek amaitzean ez nekien zer egin. Aukera banuen horren ondoren dagoen goi mailako beste ziklo bat egitekoa, erradioterapia, arlo batzuk baliozkotuta. Askok hori egiten dute, baina ez zidan gehiegi erakartzen. Aldiz, sekula ez dut izan diseinu grafikoa ikasteko asmorik baina urte horretan erabaki nuen, bi urteetako ziklo bat zenez egitea. Egia esan, oso gustura nago.
Nola definitu dezakezu zeure estiloa? Zer ezaugarri ditu?
Hitz bat esatekotan, garbia litzateke. Ez dut gustuko gehiegi kargatzea, gustuko dut argitasun hori, Xumetik herri jaialdiko kartelaren kasuan bezala. Egitarauan ikusi daiteke garrantzia ematen diodala egunari eta orduari, bistadizo batean ikusi ahal izateko zer den garrantzitsua. Garbitasun hori da azpimarragarriena, ez gehiegi kargatzea.
Noiz bukatzen da halako sorkuntza lan baten prozesua? Gordailu lanekin izango da ezta?
Gustuko dut orain arte egin ditudan lan guztien kopia bat edo bi gordetzea. Artxibo digitalak hor daude. Beti duzu aukera inprenta batera joan eta inprimatzekoa, baina unean bertan atera den paperezko ediziokoa bezalakorik ez dago. Armairu osoa bete-betea dago nire lanekin baita inspiraziorako hartutako liburu, aldizkari, txartel eta mila gauzekin. Badu bere xarma benetan atera den produktu hori gordetzeak ere.
Nola sentitu zinen Kale Nagusi ondoko biribilgunean, zure disenu lana olan erraldoi horretan ikustean?
Niretzat erabateko ohorea izan zen, ia sinestu ezinik nengoen. Azkenean, hor ikusten da benetan zuk entregatu duzun proiektu hau gustatu zaien edo ez. Ez balitzaie gustatu, kartelean geratuko zen. Niretzako ere hainbeste maitasunekin egindako lan bati kale erdian halako presentzia ematea erabateko ohorea izan da. Niretzako ere eman didaten aukera hau ere, aukera paregabea. Inprentara joan nintzen egitaraua nola geratu zen ikustera eta handik bueltan ikusi nuen bapatean, aurrez aurre, babarrun formako biribilgunearen parera ailegatzean. Gero, lagunekin Orio aldera joan behar genuen egun hartan. Itzuli bikoitza eman genion biribilguneari. Niri hasieran eskatu zidaten lana kartel bat egitea izan zen. Kartel baten dimentsioak direnak dira eta zuk egindako ilustrazio horiek neurri horretan ikusten dira, baina gero bapatean herri sarreran halako olan puska jarrita ikustea ikaragarria izan zen.
Olana eskatzekoa al zara?
Hor nabil zer egingo duten galdetu nahian. Ez badute gorde nahi, egongelaren erdian jarriko dut, besterik ez bada. Tokia behar da halako olana jartzeko, baina leku falta izan dadila arazo bakarra.
Diseinuaren lanketa, xehetasunen zaintzan oinarritzen da hein handi batean. Hor aurki dezakegu profesional baten eta ez denaren arteko aldea?
Desberdintasuna neurria aldatzen denean ikusten da eta kartel bateko diseinua olan baterako handitzen denean. Zuk diseinu bat egin dezakezu baina ez badituzu detaile guztiak ondo zaintzen, hor ikusten da formakuntza espezifiko hau jaso duenaren eta halako trebakuntzarik izan ez duenaren arteko aldea. Ni oraindik ikasten ari naiz, hain zuzen, diseinuaren mundu honetan beti jarraitu behar da trebatzen, izan ere beti daude teknika edo aplikazio berriak.
"Ia denean dago diseinua"
Oso azkar eta etengabe berritzen doa diseinu grafikoaren mundu hau, ezta?
Gu ere ikasten ari garen honetan, aplikazio edota webgune berriak ateratzen dira, adimen artifiziala ere hor dago. Geure ikastetxean irakasleak ere saiatzen dira aplikazio berriak erakusten. Azkenean, adi egon behar duzu, bestela atzean geratzen zara segituan.
Adimen artifiziala aipatu duzu. Aukera edo arrisku gisa ikusten al duzu diseinu munduan?
Nik uste gauza batzuetan lagungarria izan daiteke, baina ez dut uste egungoa erabat ordezkatu dezakeenik, osagarria izan daiteke agian. Azkenean, pertsona batek egiten duen diseinu lan bat ez dut uste adimen artifizialak berdin egin dezakeenik. Zerorrek ematen diozun ukitu pertsonala ezin dio eman adimen artifizialak. Bestalde, zure alde ere erabili dezakezu.
Adimen artifizialarekin edo gabe, argi denez, itxurak duen garrantzia egun agerikoa da.
Bai eta diseinua ia denean dago; karteletan baita jatetxe bateko karta batean. Denda edo jatetxe batera joan aurretik begiratzen duzu mugikorrean eta ez da berdina sare sozial edo webgune landua edo landu gabeko bat aurkitzea. Erakusleiho polita jartzen badigute, badirudi fidagarriagoa izan daitekeela saltokia.