#A30

Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba egunera bidean

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 21a, 14:22

Azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba deitua du mugimendu feministak. Aurrez, gogoan izan, Euskal Herriko Neska* Gazteek deitutako Baterajotzea egingo da urriaren 13tik 15era Usurbilen.

Azken orduotan Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzten mobilizazioen harira, badatorren azaroaren 30eko zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba orokorrerako deia egin du berriz Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Gogoan izan, iragan martxoaren 8an plazaratu zuen deialdi hau, "egungo zaintza sistema iraultzeko urgentzia mahai gainean jarriz, lanean aritu gara auzo eta herrietako asanbladetan".

Hiriburuetako mobilizazioen ondotik, "herrietako greba komiteetara batzeko deia luzatzen diegu euskal herritarrei. Batu asanbladetara eta mobilizatu! Azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren alde, denok Greba Feminista Orokorra!", egin du gonbita Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Gogoan izan, Usurbilen maiatzean hasi zen biltzen herrikide talde bat Potxoenean, Kafe Tertuliak deituta. 

Herri Akordioa eta Baterajotzea
Datozen asteei begira, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren aurretik, zenbait deialdi iragarri dira. Batetik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eginikoa. "Urriaren 7an aurkeztuko dugun Herri Akordioa izango dugu oinarri: sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu eta guztion bizitzak erdigunean jarriko duen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitzera goaz", aurreratu dute. 

Bestetik, gogoan izan, Euskal Herriko Neska* Gazteek Baterajotzea antolatu dute Usurbilen urriaren 13tik 15era, "Utopiak lehertzera goaz!" aldarripean. "Sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatzera, hausturak kolektiboki antolatzera eta utopiak lehertzera gatoz", iragarri zuten antolatzaileek apirilean egin zuten ekimen honen aurkezpenean. 


"Zaintza sistema publiko duin bat lortzeko urratsak ematera goaz!"
Azaroaren 30eko greba feminista orokorra deitzearekin batera abiarazi zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesua. Bere bidez, "jauzi politikoa eman nahi dugu; bizitza duinez hitz egiten ari gara, nork, nola eta zergatik zaintzen duen eztabaidaren erdigunera ekarriz. Zaintza lanak aitortzearen eta banatzearen ezinbestekotasuna adierazi nahi dugu". 

Gai honi dagokionean, egun bizi dugun egoera salatu dute. "Baina, lan hori ikusezin mantentzeko interesa dute batzuek: lan horiek soldatapetik zein lan erregimen orokorretik kanpo utziz, negozioa egiten baitute. Zaintza lanak geroz eta gehiago emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen dira, baldintza eta esplotazio egoera muturrekoetan. Instituzio ezberdinak eta zaintza lanekin negozioa egiten ari diren enpresak bizi dugun egoeraren erantzuleak izanik, pribatizazioarekin eta zaintza lanen merkantilizazioarekin behingoz amaitzea exijitzen dugu. Zaintza sistema publiko duin bat lortzeko urratsak ematera goaz!".

Horregatik, "bizitza duinak eraikitzeko, bizitzak zaintzea ezinbestekoa da". Zaintza eskubide kolektibo honen aldekoa da azaroaren 30erako deitu duten greba feminista orokorra, "pertsona guztiok bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea aldarrikatzeko". 

Gizonezkoei ere deia egin diete. "Gizonak ere ezin aipatu gabe utzi, haiei ere dagokien ardura hartzeko exijitzen diegu eta prozesu honetara batu daitezen: Greba Feminista OROKORRA izango da azaroaren 30ekoa, Mugimendu Feminista, eragile sozio-sindikalak zein euskal herritar oro kalera batera aterako gara".