"Sagar urte oparoa da 2023koa"

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 21a, 13:04

Argazkia: Euskal Sagardoa Jatorri Deitura.

Sagarra biltzeko unea heldu den garai honetan, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak aurtengo uzta oparo datorrela ohartarazi du.

Aurreikuspenak bete direla adierazi dute sektoreko aditu eta arituek. Iazko sagar uzta "txikiaren" ondotik, aurtengoa oparo dator. "Loraldi bete betekoa izan zuten sagasti gehienek udaberrian eta sagar asko hartu dute sagarrondoek. Horrez gain, udara nahiko euritsua izan da eta sagar aleak asko hazi dira". Ondorioz, "sagar oso osasuntsua da aurtengoa, poliki-poliki hazten eta heltzen joan dena, udarako eguraldiak medio. Iaz baino alkohol gutxiago izango du orokorrean, eta sagar mota guztientzako izan da uzta oparoa. Horrek sagardogileari lan egiteko aukera paregabea ematen dio, gustuko sagar motatatik sagarra aukeran izango baitu, gezak nahiz gaziak", berri eman dute Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sustatzaileek. 

Urte garai honetan ohikoa den moduan, dagoeneko sagar bilketari ekin diote. Asteotan guztira, "sei milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan". Egun, 250 sagargile eta 500 hektarea inguru sagasti daude Euskal Sagardoaren barruan eta eremu hauetan guztiotako ekoizpena "Jatorri Deiturako 50 sagardotegietara" bideratzen dute "Euskal Sagardoa ekoizteko". Jatorri Deitura honek 106 mota sagar ditu onartuak, haietatik gezak nahiz gaziak diren 24 dira, aldiz, gehien erabiltzen dituztenak. "Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa".

Akordioak sustatzen
Urtez urte, gehitzen doan kopurua dela ohartarazi dute. Oraintxe, Jatorri Deituraren sustatzaileen esanetan, 150 hektarea txertatu dituzte berriki ekoizpenean, gehienak Gipuzkoan Foru Aldundiak emandako dirulaguntzekin. "Geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena".

Hiru proiektu estrategiko
Aurrera begira, bide horretan sakondu nahi dute. Euskal Sagardoa Jatorri Deitura sortu zutenean finkatu zuten erronketako bat ekarri dute gogora; "15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia". Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin garatze bidean jarri dituzten hiru egitasmo ekarri dituzte gogora. Batetik, polinizazioa. "Bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sektorea, Fruitel elkartearen eskutik. UPNArekin batean egin da proiektua eta emaitzak badaude dagoeneko". 

Bigarrenik, "sagar asko den urteetan sagarra bakantzea garrantzitsua da, urtero uzta orekatuagoak izateko" eta horri lotutako hainbat entsegu egin dituzte dagoeneko zenbait sagar motekin.

Abian duten hirugarren egitasmoa, "lurraren lanketa eta osaketari" lotutakoa da. "Horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak ekilibratzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko. Ikastaro desberdinak egin ditu sagar sektoreak horren bueltan".