Ikastaro hau nondik eta nolatan heldu zen iaz Usurbila?
Ibai Marcos: Ikastolen elkarteko Aisiola hezitzaile eskolak abian ditu halako ikastaroak beste herrietan eta hemen antolatzea ontzat jo zuten.
Deskribatuko zenituzkete ikastaroaren nondik norako nagusiak?
Elen Etxebarria: Iazko ikastaroan parte hartu nuen. Herrian bertan bost orduko saioak izaten genituen larunbatetan. Ikastaroa hiru modulutan banatzen da: haurren aisialdia, feminismoa, lehen sorospenak... landu genituen. Gero praktikaldia burutu behar da. Praktikaldia amaitzean memoria batekin, bukatzen da.
Zer tresna eskaintzen ditu ikastaro honek?
E.E.: Haurrekin lan egitean izango ditugun egoera errealak jorratzen dira. Adibidez, haurrak ulertzeko gaitasunak lantzen dira; esaterako gatazkak enpatiatik kudeatzea.
Teoria praktikarekin uztartzen du ikastaroak. Badu gerora lan-mundurako irtenbiderik.
I.M.: Zirimaran lan egiten dudanez, hilean behin ikasleak Zirimarara etorri ziren aurreko ikastaroan. Haiek dinamizatu zituzten saioak. Ni behatzen aritu nintzen. Hurrengo saioan egindakoaz hausnartzen genuen. Hartara, landutako teoria kasu errealetan ikusten genuen. Zorte izugarria izan dugu, ikasleak praktikaldira aurrez ordu batzuk haurrekin egonda joan dira.
E.E.: Haurrekin behintzat lehen hartuemana izan genuen. Segurtasuna hartzen zoaz udara begira eta praktikaldira lasaitasun gehiagorekin zoaz. Adibidez, haurren jarrera desegoki baten aurrean behatu nahi izaten da haurra. Teorikoak pautak ematen dizkizu, baina gero praktikaldian esperimentatzen zoaz pixkanaka.
I.M.: Eskertzekoa da Zirimarako eta Aisiolako taldeek emandako erraztasun guztiak.
Zeinentzat eta zergatik izan liteke interesgarria ikastaro hau?
I.M.: Aukera polita da, udan lan egiteko aukera asko ematen dizu. Gazte orori aholkatuko nioke, ate asko irekitzen baitizkizu. Ikastaroa, gainera, herrian bertan egin daiteke.
E.E.: Ikasi eta aisialdiaz ditugun ikuspuntuez hausnartzeko aukera ederra da. Gustura aritu gara, lanketa politak eta baliagarriak egin ditugu. Gero, jasotakoarekin udan haurrekin lan egitea pribilegio bat da. Jende asko ezagutzen da.
I.M.: Zeuk zeure burua ezagutzeko ere aukera aparta izaten da. Interesa duen gazte oro ostiraleko Potxoeneako bilerara joan dadila.
Zuen ogibidea duintzeko bide bat ere bada hau.
I.M.: Gu zenbat eta prestatuagoak egon, emandako zerbitzuen kalitatea hobetzen da eta horrek haurrengan eragin zuzena du. Lan talde indartsuak sortzen lagunduko du, familiak gusturago egongo dira jasotako zerbitzuarekin, haur gehiagoren parte hartzea sustatuko du eta begirale gehiago beharko dira.
Udalak diruz laguntzen ditu ikastarook ezta?
I.M.: Matrikularen erdia ordaintzen du.
E.E.: Ikastaroa bukatuta, beharrezko dokumentazioa aurkeztu eta Udalak matrikularen %50a itzultzen du. Gero titulua tramitatutakoan egiaztagiri bezala aurkeztu behar da udaletxean. Ikastaroa egin dugun usurbildar guztioi eman digu Udalak dirulaguntza.