Hernanin

Aitor eta Galder gazteak aske uztea eskatzeko eskualde mailako manifestazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 22a, 09:25

Argazkia: artxibokoa.

Hernanin egingo dute espetxeratze agindua jaso duten bi gazte arabarrok aske uztea eskatzeko mobilizazioa. Irailaren 30ean Gasteizen antolatu den manifestazio nazionalera joateko autobusa zerbitzua antolatu dute Usurbilen.

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek espetxeratzeko agindua jaso dute egunotan. Horren harira, mobilizazioak iragarri ditu Ernai gazte antolakundeak. Ostiral goiz honetan, Espainiako Gobernuak Bilbon duen delegaritzan eta Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian protesta ekintza egin dute, espetxeratze aginduon aurka. Gaur arratsalderako mobilizazio gehiago ere deitu dituzte. Usurbildik gertuen Hernanin, eskualde mailako manifestazioa, 18:30etan abiatuko da Gudarien plazatik. Bertara joateko deia egin Usurbilgo Ernaik. 

Bestalde, manifestazio nazionala deitu dute irailaren 30ean Gasteizen, 18:30etan. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Ernaik. Izen-emateko zerrendak Aitzagan eta Txiribogan izango dira. 

Ez da bi gazteon absoluzioa aldarrikatu duten lehen aldia. Albiste honi atxikitako argazkia, 2022ko urtarrilekoa da. Mobilizazioa egin zuen orduan Ernaik Dema plazan, "Aitor eta Galder aske! Euskal gazteria aurrera!", Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren absoluzioa eskatzeko eta biei elkartasuna adierazteko. Egun haietan, "edozein uneetan jaso dezaketen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain" ziren biak. Elkarretaratzean bildutakoek argi adierazi zutenez, "gazteok ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko".

"Ez da soilik bi euskal gazte militante konprometituren kontrako erasoa"
Orduko hartan gogorarazi zuten moduan, "2019ko otsailaren 7an Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteiz eta Amurrion. Kartzelaratuak izan eta urte bereko udaran baldintzapeko askatasunean atera ziren, 6.000 euroko bermea ordaindu ondoren". Bi urte beranduago, "2021eko urtarrilaren 21 eta 22an Espainiako Auzitegi Nazionalean ospatutako epaiketan 4 urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zieten. Abokatuek eta fiskalak errekurtsoa jarri ostean, une honetan askatasunean daude, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain". 

Egoera honen aurrean azken urteotan Ernaik salatu du, "argi daukagu ez dela soilik bi euskal gazte militante konprometituren kontrako erasoa, baizik eta bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den Herri baten kontrakoa. Errezeta zaharren bidez, gaurko Euskal Herria eraikitzen ari garenon kontrako eraso moduan ulertu behar dugu".