Azken aldian hainbatetan gertatzen ari den moduan, ezin jakin non eta noiz eragingo duen bereziki, baina abisu horian izango gara ostiral eguerditik gauerdira prezipitazio handiagatik. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdean. Zaparrada ertainak botako ditu, eta zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki kostaldean. Prezipitazioa iraunkorra izan daiteke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Gaur, beraz, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Ekaitzak jo lezake. Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, goizaldean eta goizean goiz hego-mendebaldekoa nagusi, egunaren bigarren partean ipar-mendebaldekoa. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Giroak argitzera egingo du nabarmen larunbatean. "Egunaren lehenengo partean zerua tarteka hodeitsu egongo da eta hasieran euri txikia egingo du. Arratsaldean eguzkitsu geratuko da. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean ipar-ekialdera aldatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak gutxi igoko dira".
Uda giro beteko igandea izango dugu. "Goizean lanbroa eta lainoa izango dira. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeiren batekin. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian aurkituko duzue.