ETS-k Usurbilen grabaturiko bideoklipak girotuko du minbiziaren aurkako EITB Maratoia

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 22a, 13:36

ETS musika taldeak minbiziaren aurkako elkarte eta ikerkuntzako adituekin irailaren 7an Dema plazan grabatu zuten bideoklipa aurkeztu du EITB Maratoiak. Urte amaieran egingo den elkartasun kanpainan bildutako laguntza minbiziari buruzko ikerketara bideratuko dute.

"Minbiziaren Aurka Aukera Berriak" lelopean aurkeztu dute ostiral honetan 2023. urte honetako EITB Maratoia. Urte amaieran bideratzen duten elkartasun kanpaina da honakoa; aurten, aldarriak dioen moduan, minbiziaren inguruan informatu, sentsibilizatu, gaixotasun honi lotutako ikerketak duen garrantzia nabarmendu eta laguntza bildu nahi dute. 

Elkartasun ekimena girotzeko bideoklipa ere ezagutzera eman dute gaur Euskal Irrati Telebistak Bilbon duen egoitza nagusian. Horrexegatik dakarkigu albiste hau lerrootara. Izan ere, ikus-entzunezko hau irailaren 7an Dema plazan grabatu zuten. Soinu banda, udalerri honetan izan zen ETS taldearena da. Talde honen "Aukera berriak" kanta ezagunak girotuko du kanpaina hau. Ikus-entzunezko horretan minbiziaren aurkako elkarteetako kideek edota ikerkuntza munduko adituek parte hartu zuten, tartean baita hainbat herrikideek ere. 

Heriotza eragile nagusia
Gaurko aurkezpen saioarekin abiatu dute EITB Maratoia, "azaroan, guztion parte hartzea bilatuko duen gizarte ekintza parte-hartzaile handia jarriko da martxan". Honako hau halako egitasmo bat abiarazten duen 23. aldia da. Aurreko 22 edizioetatik 7,5 milioi euro bideratu dituzte, besteak beste, gaixotasun hauei lotutako 119 ikerketa-proiektuetara: "minbizia (haurrak, birikak, bularra, besteak beste), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, Alzheimerra, autismoa, adimen-desgaitasuna, buruko gaixotasuna, hartutako garuneko kaltea, transplanteak edo gaixotasun arraroak, besteak beste".

EAEn lehen heriotza eragiten duena minbizia dela ohartarazi dute gaurko hitzorduan. "45.000 pertsona baino gehiago baitaude kaltetuta eta 14.000 kasu ezagutzen dira urtero. Pertsonen %74k aitortzen du minbiziarekiko harreman duen gertuko norbait duela".