Xumetik

Herri sorkuntza bidelagun, bisita gidatu eta girotu berezian

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 23a, 21:27

Ibilbide gidatu eta girotu bereziaz gozatu ahal izan dute, larunbat honetako Xumetik herri jaialdiaren baitan "Usurbil Museo Irekia" ekimenean parte hartu dutenek. Herri giroa eta herri sorkuntza izan dute bidelagun.

Larunbat honetako Xumetik herri jaialdia herriko kaleetan ditugun sorkuntza lanak sakonago ezagutzeko ere baliatu da, 650 Usurbil Bizi egitasmoaren testuinguruaren baitan astebururo antolaturiko "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuaren bidez.

Nola ez, abiapuntua omendua izan den mende erdiko Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko horma-irudia izan da; Udarregiren omeneko bertsolaria, Zendoian dagoen Usurbilgo artirstaren beste sortze lan bat, Kale Nagusiko bere txoriak, Axpiren murala edota Askatasuna plazako Karlos Zabalaren sortze lanak bisitatzeko aukera izan da.

Izan du, ordea, ekimen honek bestelako berezitasunik; geltokiok, baita ibilbidea ere, ezohikoa eta girotua izan baita. Irune Etxabe trikitilariak eta Maddi Aburruza panderojoleak izan dituzte bidelagun bisitariek eta sortzaileak geltokietan. Izan ere, esaterako, Aranerrekan eginiko parkean Kimu taldearen txalaparta saio ederraz gozatu ahal izan da. Amaitu, aldiz, Askatasuna plazan bukatu da ibilaldia Ximona ta Dolox taldearen erromeria biziarekin. Une hunkigarria, Kale Nagusiko eraikinik handienaren barruan Zumetak sortu eta bertan zintzilik dauden txorien bueltan bizi izan da. Zumarte Abesbatzak bertako balkoietatik eskainitako kantu saiora batu ziren bisitariak ere. Une zirraragarriena, "Txoriak txori" abestu zutenean heldu zen hain zuzen.

Ezohikoa baita hitzorduak erakarri duen jendetza.